Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

Ixone Sádaba

En este lugar, 138 veces

2017ko urriaren 10etik 2018ko urtarrilaren 14ra

Aztarnategi anarkeologiko bat lurpetik ateratzea

Toki bat lekuko bizia da, eta haren itxura ideologia baten emaitza. Horrela,  toki batek denboran zehar hartzen dituen forma ezberdinek bere historiaren eta bertan egon diren objektu eta gorputzen arkeologia gisa funtzionatuko lukete. Izan ere, iragana irudikatu arren, oraingo denboran, hementxe, dauden fosil ideologikoak dira horiek guztiak. Larruen larru moduko batek estaltzen du aztarnategi hau, hots, erakusgune baten gorputz biluziegia.

Erakusketa hau desagerrarazteari dagokion berariazko egintzari buruzko ibilbidea da. Izatez, ezer ere ez da beste barik desagertzen, ariketa kontziente baten emaitza legez baizik: “animalia bakar batek ezin konta ahalako keinuak egin ditzake bere bizitza osoan, baina gorputz bat baino ezin utz dezake. Hori guztia ez da nobedadea, hala adierazi zigun Walter Benjaminek: «Bizitzeak hondarrak uztea dakar »), baina, agian, azkarki ezerezten denari eta bere egitura dela eta desagertu nahi ez duenari buruzko gomutagarri baliotsua da” 1.

Garaien zantzua izaki, “dokumentuak” garrantzi sozial eta kultural handia hartu du gaur egun. Baina gertaeraren narrazioaren eta jazoeraren beraren artean beti gertatzen da gatazkaren bat (are gehiago jazoera berez gatazkatsua denean). Ez dira gauza bera errealitatea faltsutu nahi duen kontaketa eta fikzioa erabiliz errealitate hori argitu nahi duen kontaketa (eleberria). Fikzioa ez da gezurra, ez baitu inor engainatzeko asmorik.“Noizik noizera, gertaera pertsonalak balira bezala bizi ditugu nazioen arteko gerrak. Zenbait aldiz, drama pertsonal batek gerra edo katastrofe naturala balitz bezala aurkezten du bere burua. Momenturen batean, bi gerrek bat egiten dute, gerra pertsonalak eta gerra nazionalak. Batzuetan, alde batean bakea izaten da (izaki bakoitzaren bihotzean) eta beste aldean, berriz, gerra. Ni eta mundua ez gaude inoiz ere bereizirik. Bata bestearen ordezko edo metafora gara” 2.

Denboraren egoera, eguneroko izari hutsal osoaz eta, are, izari pertsonal eta zientifikoaz, izaera ezberdinez itzultzen da orain erakusgunera, irudikapenetik haratago.

Ikusizkoa desagertzeak hura irekitzea ere eragiten du.

Ixone Sádaba

ARTISTA www.ixonesadaba.com

Ixone Sádabak (Bilbo, 1977), funtsean, argazkiak, instalazioak eta performanceak erabiltzen ditu identitatearen irudikapenari eta pertzepzioari dagozkien nozioak esploratzeko. Haren lanak irudikapenaren morfologiaren eta garapen formalaren analisia aurkezten digu, irudikapena eraikuntza ideologikoa dela adieraziz. Horrezaz gainera, argazkiak alorreko azterlan legez ere jarduten du; hain zuzen ere, Sádabaren lanak zalantzan jartzen du begiradaren izaria, irudi bat definitzen duen edo definitu nahi duen esparru arauemailearen gainetik eta haratago.

Ixonek ohartarazten duenez, jakintza arauemailea aldezteko erabili izan dira urte askotan argazkigintzaren alderdi formal eta dokumentalak; horren aurrean, argazkigintzara materialtasunak eta tresnak hedatuz hurbiltzea proposatzen du, hau da, argazkia denbora eta espazioa zabaltzeko eta uzkurtzeko eremutzat, ikaratzeko eta desadostasunak agerrarazteko tresnatzat, jotzea.

Arte Ederren arloan lizentziatu zen 2001. urtean Euskal Herriko Unibertsitatean; ondorik, MA ikasketak egin zituen Madrilgo Antonio Lebrija unibertsitatean (2001), eta ‘Postgraduate Program’ titulua atera zuen New Yorkeko International Center of Photography izeneko ikastegian (2005). Haren lana hainbat galeria eta erakundetan erakutsi da; ondokoak dira horietarik nagusienak: Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofia (MNCARS), Guggenheim Bilbao Museoa, MUSAC, MOCCA Contemporary Art Museum (Toronto) eta Museum of Contemporary Art (New Orleans). ‘Generaciones 2011’ saria jaso zuen La Nuit Americaine proiektuagatik, eta Sovereing Art Foundation 2012 sariaren finalista ere izan zen. Hona hemen beste sari batzuk: Convergencias, Alliance Française & Fundación Pilar Citoler (2012), Sovereign European Art Prize, Hong Kong (2011), Generación 2011, Caja Madrid.

Haren lanak zenbait museo eta erakundetako bildumetan ikus daitezke; honakoak dira garrantzizkoenak: Guggenheim Bilbao Museoa, MNCARS, ARTIUM, MUSAC, Iberdrola, BBK, Madrilgo Erkidegoa eta zenbait bilduma pribatu. Nazioarteko egoitzetan ere parte hartu du; ondoko hauek dira aipagarrienak: the International Studio & Curatorial Program (ISCP), New York, Delfina Foundation Residency, Mugatxoan, Fundaçao Serralves eta Arteleku.

1 Catherine Foulkrod, “Do not enter like you always do”.  Walter Benjaminen hitzak aipatuz, “Paris, Capital of the Nineteenth Century.” Reflections (New York eta Londres: Harcourt Brace Jovanovich, 1978),155 . Testua aretoan irakur daiteke, erakusguneko atal gisa.

2 Hélène Cixous, preface to The Hélène Cixous Reader, edited by Susan Sellers (New York and London: Routledge, 1994), xv. Catherine Foulkrod-en aipamena, “Do not enter like you always do”. Testua aretoan irakur daiteke, erakusguneko atal gisa.