Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

Jesús Pastor

2014ko otsailaren 07tik maiatzaren 04ra

LANKIDETZA Santiago Compostelako FGTB Fundazioarekin, Fundación Gonzalo Torrente Ballester. 

Komisarioa: Miguel Fernández-Cid

Jesús Pastorrek (Santurtzi, 1954)  prestakuntza teoriko sendoa du, Filosofian eta  Arte Ederretan lizentziaduna da,  eta   izugarrizko jakin-mina konbinatzen ditu. Horren ondorioz  irudien aurrean gelditu eta irudiok menperatu arte aztertzen ditu. Urteetan erakusketa gutxi egin ditu, alde batetik ikerkuntzaren arloa jorratu duelako eta, bestetik, aldi berean irakaskuntzara ere dedikatu delako. Baina, hori gorabehera,  aintzatespen profesional nabarmena duen artista da: 1997. urtean Grabaketako Sari Nazionala irabazi zuen. Erakusketa indibidualak egin ditu  besteak beste Madrileko Fundación Telefónican, Palmako Pilar i Joan Miró Fundazioan, Madrileko Círculo de Bellas Artes-en edo Salamankako Unibertsitatean besteak beste.

Santiagon eta Bilbon aurkezten den erakusketak,  bere lanaren  une  honi buruzko hausnarketa planteatzen du eta  bere obra berrienak aurreko beste lan batzuekin erkatzen ditu; multzoan bere prozesua ikus daiteke, hala ikerketa-bidea den neurrian nola osteko sintesian. Funtsean bere obran agertzen dena irudiaren kokapenari buruzko etengabeko galdera tematia da.

2013. urtearen amaieran Santiagon erakutsi den erakusketan  bere azken lanak azaldu ditu; Bilbon, ordea,  hautatutako obra guztiak erakusten dira bere diskurtsoaren gakoak ezartzen dituzten aurreko lanak 1982tik aurrerakoak inkorporatuz.

ERAKUSKETA

Jesús Pastor hirurogeita hamarreko hamarkadaren bigarren aldean Bilboko Arte Ederren Fakultatean ikasi zuten euskal artisten belaunaldikoa da. Bere eta ondorengo belaunaldien gako orokorretatik urrun dagoen artista dugu Pastor. Erakusketako komisarioa den Miguel Fernández-Cidek dioenez: “bere prestakuntza artistikoak bat egiten du izaera eraikitzaile, minimalista eta kontzeptuala duten proposamenen aldarrikapenarekin (…) Lan artistikoaren alde prozesualak pizten du bere kezka, eta zalantzarik gabe erakusten du, irudiak azaldu aurretik, aldi dokumental gisa, kontuen barneko funtzionamenduaren aztarnak edo frogak utzi nahi izango balitu bezala, esplizituki azaltzeko edo ezkutatzeko batere interesik erakusten ez badu ere. Erakarpena sentitzen duenari jakin-min hori asetzeko aukera uzten dio, besterik ez”.

Zaila da Jesús Pastorrek hurbil suma dezaketen artisten multzo edo joera bakar bat adieraztea. Bere hautuak pertsonalak eta desberdinak dira: Donald Judd, Bruce Nauman edo Brice Marden, minimalistek eta errepikapen edo simulazioko egituretatik abiatuta bilaketa egiten duten artistek hasitako eztabaidak; Derrida, Deleuze, Bataille, Jaime Echarri edo Andrés Ortiz-Osésen idazkien azterketa eta hausnarketak; Mallarmék edo Lewis Carrollek adierazitako paradoxa argiak.

Hasieran, Jesús Pastorren obra elektrografiari loturik zegoen, irudien barne egiturak bilatzeari. Hala ere, 80ko hamarkadaren erdialdetik 90eko hamarkadara arte, marmola erabili zuen euskarri gisa, eta, garai horretan, bere obrak presentzia eta misterio berezia hartu zituen. Hala gertatzen da, adibidez, erakusketa honetarako Inflexiones sailetik hautatutako lanetan, hala bere baitan itxitako formetan, nola zabaltzen diren horietan.

Forma beltz baten barnealdean aurkitutako ordena organikoa da Inflexiones proposamenaren abiadura: erretikulak ildaskak dira, eta zehaztu gabeko paisaiak simulatzen dituzte. Jesús Pastorrek marmolezko xafletan grabatzen ditu forma horiek, baxuerliebe leunen mota bat sortzen du. Jarraitutasunaren irudia edo haien negatiboa jartzen die aurrez aurre, eta marmol zuriaren eta beltzaren edota aluminioaren grisaren arteko harremana erabiltzen du lehenik. Bereziki nabarmentzeko modukoak dira diptiko garbiak, marmolaren zuria eta aluminioaren grisa harremanetan jartzen dituztenak, harmoniaz eta oihartzun klasikoz beterik: neurtutako formak, ezin hobeki marraztutakoak.

Materialak izugarrizko erraztasunez eraldatzen dira, eta ñabardura eta balio piktorikoak sartzen dira, ukipenezko balioak gehienbat, esate baterako, txirbil metalikoren erabilera, ehundura desberdinak nabarmendu eta margora hurbiltzeko.

Barnekoa eta, aldi berean, kriptikoa, hermetikoa eta ia sentsuala den margo hau 40 x 40 cm-ko tamainako lau piezen multzo bat da, eta bilaketa askoren amaiera ekartzen du. Piezak egiteko marmolezko eta urtutako aluminiozko bi xafla batu ditu, eta loturaren aztarnak utzi ditu ertzetan, marmolaren alde nagusitik ezkutuan eta urtutako aluminioaren bistara. Materialari dagozkion ehundurak eta lana egiteko prozesu mekanikoarenak paisaia anbiguoen edo espazio morandianoen moduko zera batzuk birsortzen dituzte.

Itxitako irudien ondoan, beste lan batzuetan formak zabaldu egiten dira, paisaia ikustarazten duten leiho baten orriak bezala. Bereizten dira, neurtutako erritmoz; edo, bestela, zabaltzen dira, hasierako eskematik irtenda, eta pareta betetzen dute, espazio zuria edo neutroa eskatzen dute. Kolorea fisikoa balitz eta berezko plano batean igerian balego bezala.

Latitudes sailean, material opakoak (marmola, aluminioa) beirarekin ordezkatzen ditu, irudiak kokatzeko euskarri gisa. Horrek aukera ematen dio Jesús Pastorri behin eta berriz egindako galderari berriro heltzeko: zein planotan kokatzen da irudia? Hainbat beira gainjarriz, efektua ñabartzea eta forma ezkutatzea lortzen du, oihartzun edo fikzio optiko gisa errepika dadin. Bitartean, beirak argia bahetzen du, eta atmosfera berezia ematen dio pieza bakoitzari.

Irakurri ondoren hausnarketa estetikoa sorrarazi dioten liburuak abiaburutzat hartzen eta aztergai bilakatzen dituenean, aurretiazko prozesua sakona eta zehatza izaten da. Urte batzuk lehenago, bere gorputzaren fotokopiak egiten zituen, edo formak handitzen zituen desegin arte, era horretan, irudikapen batetik abiatu arren, erreferentzialak ez ziren forma berriak sorraraziz. Orain, berriz, liburu bat, partitura bat edo irudi bat hartu, eta barnean hosto bakoitzaren epidermisaren zati ñimiño bat duten zirkulu txikiak egiten ditu haiekin.

Azterketa eta bitartekotasuneko prozedura hotzen sail bat gainjartzen du berriro, gero lortu nahi duen irudian ñabardurak bilatzeko. Harriduraz egiazta dezakegu lan bakoitzaren bukaeran sorburuko materialean erakutsitakoaren laburpena biltzen duela Jesús Pastorrek, bere esku-hartzea hautatzeko eta azken irudia zehazteko duen moduaren bidez: Platon-en Elkarrizketak IV. lanean agertzen diren hutsuneak, Le Pli lanean dagoen ispilu-efektua, La doble hélice lanean dagoen erdibitzea, edo Lucio Berio, Morton Feldman, Luigi Nono edo Bernhard Lang musikarien partituretan sortzen diren piezek irudikatzen duten suite berezi –magiko eta melodiko– horrek duen gardentasun harmoniatsua, Jesús Pastorrek hurbil sumatzen baitu musikari horien konposizio-egitura.

Erakusketa ixteko, meandro-itxurako margo hautatuak jarri ditugu, haietan berriz agertzen baitira espazioan igerian dauden formak, presentzia eta oroitzapenaren artean jolasean dabilenak.



Irudiak
  • Jesús Pastor, 2014
    Jesús Pastor, 2014
  • Jesús Pastor, 2014
    Jesús Pastor, 2014
  • Jesús Pastor, 2014
    Jesús Pastor, 2014
  • Jesús Pastor, 2014
    Jesús Pastor, 2014
  • Jesús Pastor, 2014
    Jesús Pastor, 2014
  • Jesús Pastor, 2014
    Jesús Pastor, 2014
  • Jesús Pastor, 2014
    Jesús Pastor, 2014
  • Jesús Pastor, 2014
    Jesús Pastor, 2014
  • Jesús Pastor, 2014
    Jesús Pastor, 2014
  • Jesús Pastor, 2014
    Jesús Pastor, 2014
  • Jesús Pastor, 2014
    Jesús Pastor, 2014
  • Jesús Pastor, 2014
    Jesús Pastor, 2014
  • Jesús Pastor, 2014
    Jesús Pastor, 2014
  • Jesús Pastor, 2014
    Jesús Pastor, 2014
  • Jesús Pastor, 2014
    Jesús Pastor, 2014