Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Aurrekoak

Manu Uranga

Decúbito manual

2013ko ekainaren 04tik uztailaren 21era

Rekalde Aretoak Manu Uranga (Zumaia, 1980) artistaren erakusketa aurkezten du barriek 2013 programa barruan. Programa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikorako Bekak lortu dituzten artisten artean hautatutako batzuen lanak aurkeztuko ditu.

Decúbito manual (Eskuzko etzanera) izenekoa Dos de mayo, 25. Bilbao izeneko proiektuaren hirugarren eta azken zatia da. Teilatua maldan duen etxebizitza bati dagokio, hain zuzen, 2009. eta 2011. urteen artean artistaren egoitza izan zen etxebizitzari. Bi urtez bizi izan zen gune berezi horretan, eta horixe izan da azken urteotan garatu duen lanaren sorburua.

Proiektuaren aurreko bi zatiek (Planta eta Planos) gorputzak etxebizitzaren gune arkitektonikoarekin duen harremanari buruzko lehenengo materialak eta bideoak bildu zituzten. 2012. urtean Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bilboko egoitzan izan ziren ikusgai, eta, aurtengo urtarrilean, Basauriko Ariz dorrean izan dira. Hala, bada, proiektu osoaren epizentroa toki horretan dago, San Frantzisko auzo zaharreko eraikin baten 5. solairuko txapitulan. Egitura horren bereizgarri nagusia sabai jarraituaren isuri sakona da, mantsardek baizik ez baitute isuria eteten, hau da, teilatuaren gainetik irteten den leiho-mota horrek, XIX. mendeko eraikinetan hain ohikoa denak.

Oro har, Dos de mayo, 25. Bilbao proiektua osatzen duten zatiek ordena fisikoa eraldatzen dute, gauzatze eskultorikoaren bidez, eta eraikitako sekuentzia gisa bistaratu daitezke. Hala ere, hiru denborazkotasun horiek berrikustean, zaila da haien arteko desberdintasunetan funtsezkoak diren eragiketak antzematea, hau da, jarduten eta azaltzen diren lekuak duen berezko izaerarekiko zentzua duten eragiketak. 

Decúbito manual definitzeko, Manu Urangak “egotea” aipatzen du, eta zera gaineratzen du: “egotearen koordenatuak; egoteko formak: ahoz gorako etzanera, ahuspezko etzanera… eta nik asmatutakoa, Eskuzko etzanera. Gune fisikoan beti, leku bat adierazten eta seinalatzen. Gorputz-adarrak, txakurra gobernatzen duen pertsonaren eskuak, besoak, bere hankak… Decúbito manual lanean, haien bidez, hobeto uler ditzakegu gure asmoak.”

ARTISTA

Manu Uranga (Zumaia, Gipuzkoa, 1980) Bilbon bizi da, eta bertan lan egiten du. Arte Ederretan lizentziaduna da UPV/EHUtik. Hainbat ikastaro, tailer eta egoitzatan hartu du parte, eta, horien artean, Artelekun egindako tailerrak nabarmentzen dira (Donostia-San Sebastián): Lupa e Imán, Iñaki Imazek emandakoa, We Rule The School, Peio Agirrek eta Leire Vergarak emandakoa, biak 2005. urtekoak; eta Ficciones Plegables (2007), Jorgen Lethek emandakoa. Era berean, bereziki aipatu behar da Murtziako Centro Párragan egindako Se busca equipo para acción furtiva (2003) tailerra, Jon Mikel Eubak emandakoa.

Sormen-arloko hainbat sari eta beka jaso ditu. Izan ere, 2005. urtean Bilbao Arte Fundazioaren egoitza-beka eta Gipuzkoako Artista Hasiberrien Lehen Saria eskuratu zituen. 2006. eta 2008. urteetan, Eusko Jaurlaritzaren Arte Plastikoetarako Beka lortu zuen; lehenengoarekin Hera Piadosa proiektua prestatu zuen, eta bigarrenarekin, berriz, Riverside proposamena landu zuen hiru hilabetez San Frantzisko hirian. 2012. urtean, lehen saria irabazi zuen Tolosako Eskultura eta Esku-hartze Artistikoko I. Sinposiumean; eta, azkenik, 2011-2012 urteetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ikusmen Arteen Beka eskuratu zuen Dos de mayo, 25. Bilbao proiektua egiteko.

Horrez gain, azken urteetan, taldeko erakusketa eta jarduera askotan hartu du parte; hona hemen horietako batzuk: Gure Artea, Rekalde Aretoa (Bilbo, 2008); International Film Festival Róterdam eta Komende Fabrikaat, Artis Den Bosch (Holanda, 2008); International Short Film Festival Oberhausen (Alemania, 2009); El placer como control: del voyeurismo a la vigilancia, Hangar (Bartzelona, 2009); MLDJ ekimena (Bilbo, 2011); Jon Otamendi, David Martinez Suárez eta Lorea Alfaro artistekin batera egindako ekoizpen artistiko eta zabalkundeko izaera publikoko proiektu bat; eta Izena Gero, Iskandar Rementeria komisarioaren gidaritzapean Guggenheim Museoan egindako erakusketa (Bilbo, 2013).

2012. urtean, MLDJ liburua argitaratu zuen, Jon Otamendi, David Martinez Suárez eta Lorea Alfaro artistekin batera. Banakako erakusketa hauek egin ditu: Decúbito manual (Dos de Mayo 25. Bilbao proiektuaren hirugarren eta azken zatia), barriek programaren barruan, Rekalde Aretoa (Bilbo, 2013); Planos (bigarren zatia), Ariz dorrea (Basauri, 2013), eta Planta (lehen zatia), Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala (Bilbo, 2012).



Irudiak
  • Decúbito manual, 2013
    Decúbito manual, 2013
  • Decúbito manual, 2013

    Decúbito manual, 2013

  • Decúbito manual, 2013
    Decúbito manual, 2013