Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Aurrekoak

Cristina Lucas

On Air

2013ko uztailaren 11tik urriaren 13ra

Hurrengoen laguntzarekin egina:
Centro de Arte Caja de Burgos CAB
UPV/EHU. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleak

On Air erakusketan, CRISTINA LUCASek (Jaén, 1973), hegan egiteko aspaldiko ametsa abiaburutzat hartuta, mendekotasuneko eta botereko tresnei buruz egiten du hausnarketa. Hona hemen lan honek dituen abiaburuak: hegan egin, goitik munduari begira jarri, eta ikusi, gaur egun, teknologia berrien bidez, bonbak jaurti ditzakegula hemendik oso urrunera, bonba horien helburuarekin batere lotura emozionalik izan gabe.

Erakusketan barrena, hainbat alditan garatzen da ideia: hasieran, garai eta kultura guztietan asmatu diren pertsonaia hegalari ugarien irudizko arloan; gero, aireontziak igotzeko aukera ematen duen formulako hegaldian; eta, azkenik, biztanleria zibilari eragindako ondorio suntsigarriak azalduz, From the Sky Down atal nagusian.

Lan hau omenaldi berezia da, “Gernikako herriari eta Picassoren margolanari egindako gorazarrea”. Artistaren hitzetan, “gizateriaren historian barrena izan diren gernika guztiak bere baitan biltzen dituen Gernika da”.

Mendekotasun sozial, politiko eta kulturalerako tresnak, eta tresna horiek ezartzen dituzten mugak dira Cristina Lucasen lanaren ardatzak. Besteak beste, erlijioa, generoko politikak eta patriarkatua bezalako gaiak landu ditu maiz. Gizakia zerura begira egon da aspalditik, zerua hegan zeharkatzeko gogoz. Burgosko CAB zentroan egon ondoren Rekalde Aretoan ikusgai izango dugun On Air erakusketan, Cristina Lucasek hegan egiteko aspaldiko ametsa eta horren errealitate gogorra aztertzen ditu, botereko tresnek sorrarazten dituzten suntsipeneko prozesuen bidez.

Proposamena poliptiko gisa egituratuta dago; era horretan irudikatu da gizakia zeruetara eraman duen eta zeruetatik gainbehera bizian infernuetara jaurti duen prozesua. Lana Sin título. Vuelan (Izenbururik gabe. Hegan egiten dute, 2013) instalazioarekin abiarazten da. Garai eta kultura guztietako pertsonaien bilduma bat dugu hor; giza irudimenak hegan egiteko ahalmenaz hornitu dituen pertsonaiak dira denak. Hala literaturak eta mitologia zaharrak asmatutakoak –adibidez, gure euskal mitologiako Mari, sorginak edo galtzagorriak–, nola zinemak eta komikiak asmatu dituztenak.

Horren ondoren, Piper Prometheus (2013) bideoa dugu, eta, bertan, argi azaltzen dira aurrerapen zientifikoaren nondik norakoak. Zehazki, filmazioan, abioi batek Badalonako zerua zeharkatzen du, aireontzien goratzeko ahalmena neurtzen duen idatzizko formula ospetsua duen kartelaz hornituta.

Eta egia bilakatutako amets hori gainbehera bizian amiltzen da, From the Sky Down (2013) izeneko erakusketako instalazio nagusira. Hor, ibilbide historikoa abiarazten da, biktima zibilak eragin dituzten eta ikerketa-taldearen laguntzaz artxibo digital ugari miatuz dokumentatu ahal izan diren bonbardaketa guztietatik egindako ibilaldia. 1912. urteak zehazten du izugarrikerien azterketa honen hasiera, eta 2012. urtea izango da, aurki, haren amaiera.

Hiru ataletan banatuta, lehenengoan, 1912tik 1945era arteko aldia agertzen da, eta bi bonba atomikoen jaurtiketak ematen dio amaiera. Bigarren atala Gerra Hotza amaitzearekin bat bukatzen da, hau da, 1992. urtean, burdinazko hesia erori zenean. Ordurako, mundua koloretan agertzen zen, baina kolore lauz eta teknologia analogikoz. Azken atalean, gure garai superteknologiko hau agertzen da, sateliteen eta informazio digitalaren mundua. Badirudi, funtsean, ez dela ezer aldatu: Siria dugu horren adibide, gerra-gatazkak etengabe pizten direla erakusten digun lekuko berria.

Burgosko CAB zentroko erakusketan, trilogiako lehen aldia baizik ez zen ikusgai egon. Orain, Rekalde Aretoan, 50eko hamarkadara arteko aldia ikusteko aukera izango dugu, hau da, hedabideetan kolorea azaldu zen garaira arteko tartea. Gainera, Stardust (2013) bideo-lan berria ere izango dugu ikusgai. Bideo horretan, hauts-partikulak agertzen dira esekita, aireari eta, aldi berean, suntsipenari egindako erreferentzia argi gisa.

Tamaina horretako kartografia bat egitea, zailtasunez beteriko proiektu handinahia da. Ondo jakina da ezinezkoa dela munduko gatazka guztietan izan diren bonbardaketak osorik datatzea; baina, hala ere, Cristina Lucas aspalditik ari da zeregin horretan, datuak biltzeko laguntza ematen dioten hainbat talderekin elkarlanean. Sin Título. Vuelan hegalarien atala egiteko, Calipsofacto elkartearen laguntza jaso zuen. From the Sky Down atal nagusiko ikerketa zabala prestatzeko, berriz, Tráns[ito] taldea eta hainbat ikasle aritu dira elkarlanean, hain zuzen, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko “Komunikazioa eta publizitatea: konbentzitzeko estrategiak” ikasgaiko ikasleak, Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasle doktorea den Miren Gabantxoren ardurapean.

From the Sky Down bideo-instalazio hirukoitzean, hegazkintza asmatu zenetik biztanle zibilen gainean egindako aireko bonbardaketa animatuak jasotzen dira. Izenik gabeko mapa bezala hasten da eta, bonbardaketak gertatu ahala, hirien izenak finkatzen dira, denboraz, beltzez hautematen direlarik gudaren aztarnak.

Artistak honela azaltzen du: “Zitalkeriaren historiaren kartografia honetan, berehala ulertuko dugu ez dagoela onik, ez txarrik. Herrialde batzuk boteretsuagoak dira besteak baino, horixe da tartean dagoen kontu bakarra. Horrez gain, berehala ohartuko gara ez dagoela gerra arteko aldirik. Izan ere, mundua etengabe dago gerran; kontua da gerra horiek ez direla Europan izaten. Ez dut moralkeriarik erakutsi nahi, gerra ona edo txarra den erabakitzeko. Hauxe da nire asmo bakarra: aditzera eman nahi dut zibilak izaten direla helburua, eta teknologiak oso atzealde iluna duela”.

Cristina Lucasen lanean, etengabe agertzen da kartografiarekiko interesa, ezkutuan dagoen hori argitara ateratzeko eta botere-harremanen molde guztiak eta norbanakoarengan duten eragina ikustarazteko. 2007. urtean, Pantone kartografia egin zuen, Kristo aurreko 500. urtetik 2007. urtera arte nazioak nola eraiki diren islatzen duen animazioko bideoa. 2010. urtean, berriz, Europa Económica Popular egin zuen, herriargotean dirua izendatzeko dauden molde ugariak jasotzen dituen mapamundi politikoa.

ARTISTA

Cristina Lucas (Jaén, 1973) Madril eta Amsterdam artean bizi da, eta bi hiri horietan lan egiten du. Arte Ederrak ikasi zituen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta masterra egin zuen Kaliforniako Unibertsitatean, Irvinen. Amsterdameko Rijksakademieko egoiliarra izan zen, eta, hasieran, ekintzak eta happeninga landu zituen gehienbat. Hala ere, handik denbora gutxira, argazkigintza, bideoa, marrazkia eta instalazioa erabiltzen hasi zen.

Multimedia artista honek ospe handia du mundu osoan. Hala, bada, 2008. urtean, Sao Pauloko Bienalean eta Liverpooleko 10. Bienalean hartu zuen parte. Bere ibilbidean barrena erakusketa asko jarri ditu nazioartean, eta bere lanak itzal handiko instituzio publiko askoren bildumetan daude jasota; hona hemen instituzio horietako batzuk: Parisko Centre Pompidou, Helsinkiko KIASMA, Leongo MUSAC, Valentziako IVAM, Valladolideko Museo Patio Herreriano, Gasteizko ARTIUM eta Cádizeko MNAC  Fundazioa. 2012. urtean, Madrilgo Juana de Aizpuru Galerian eta Txileko Santiago hiriko MAC - Arte Garaikideko Museoan izan zituen lanak ikusgai; eta 2011. urtean, berriz, Pueblako Amparo Museoan, Mexico.

Gaur den egunean, Guggenheim Bilbao museoko Barroko neurrigabea erakusketan parte hartzen ari den artistetako bat da



Irudiak
  • Cristina Lucas ON AIR, 2013
    Cristina Lucas ON AIR, 2013
  • Cristina Lucas ON AIR, 2013
    Cristina Lucas ON AIR, 2013
  • Cristina Lucas ON AIR, 2013
    Cristina Lucas ON AIR, 2013
  • Cristina Lucas ON AIR, 2013
    Cristina Lucas ON AIR, 2013
  • Cristina Lucas ON AIR, 2013
    Cristina Lucas ON AIR, 2013
  • Cristina Lucas ON AIR, 2013
    Cristina Lucas ON AIR, 2013
  • Cristina Lucas ON AIR, 2013
    Cristina Lucas ON AIR, 2013
  • Cristina Lucas ON AIR, 2013

    Cristina Lucas ON AIR, 2013

  • Cristina Lucas ON AIR, 2013
    Cristina Lucas ON AIR, 2013
  • Cristina Lucas ON AIR, 2013
    Cristina Lucas ON AIR, 2013
  • Cristina Lucas ON AIR, 2013
    Cristina Lucas ON AIR, 2013
  • Cristina Lucas ON AIR, 2013
    Cristina Lucas ON AIR, 2013
  • Cristina Lucas ON AIR, 2013
    Cristina Lucas ON AIR, 2013
  • Cristina Lucas ON AIR, 2013
    Cristina Lucas ON AIR, 2013
  • Cristina Lucas ON AIR, 2013
    Cristina Lucas ON AIR, 2013
  • Cristina Lucas ON AIR, 2013
    Cristina Lucas ON AIR, 2013
  • Cristina Lucas ON AIR, 2013
    Cristina Lucas ON AIR, 2013