Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Aurrekoak

Réinventer le monde

2013ko otsailaren 22tik maiatzaren 05era

Komisarioa: Alexandra Baurès.

Rekalde Aretoak, FRAC Aquitaine-rekin lankidetzan egindako Réinventer le monde talde erakusketa aurkezten du. Parte hartzen duten hamahiru artistek, errealitatea bisitatzeko, pentsatzeko eta eraldatzeko nahian bat datoz, ikusleak bere jarduerari buruz gogoeta egin dezan. Gure arreta eta banakako ekintza eskatzen duen krisi testuinguru batean, artea, umoretik, kritikatik eta urruntasunetik erantzunak asmatzera ausartzen da.

LLET Akitania-Euskadi euroeskualdearen laguntzarekin.

ERAKUSKETA

Réinventer le monde erakusketa Claude Lévêqueren (Nevers, Frantzia, 1953) obra batekin hasten da: giza burmuinaren marrazki labirintikoa, neoi gorrien hodiekin egina. Pieza horrekin, artistak giza adimenari egiten dio dei, eta dei horrek durundi egiten du erakusketa osoan barrena.

Lehenengo atalak, Egitea, ez egitea edo desegitea izenekoak, berriz eskuratzen eta aztertzen du Robert Filliouk (Sauve, Frantzia, 1926 - Les Eyzies-de-Tayac-Sireuil, Frantzia, 1987) 1968. urtean asmatu zuen Baliokidetasun printzipioa. Objektuei, ekintzei eta ideiei ezartzen zaien proposamen horren arabera, hiru egoerak –ondo eginda dagoena, gaizki eginda dagoena eta egin gabe dagoena– gauza bakoitza eratzen duten zati baliokideak dira. Ondo eginda (eredua) eta gaizki eginda dagoena (akatsa) berdintzean, Filliouk zalantzan jarri zuen lan artistikoari –eta, oro har, lanari– lotutako balio-eskalaren barruan gauzak egiten jakiteak duen nagusitasuna. Era berean, eginda zegoenak zuen errealitate-maila berbera aitortzen zion egin gabe zegoenari (kontzeptuari). Erakusketa honetan, 1977. urteko Telepathic Music nº7. The Principle of Equivalence Carried to a Serie of Five bideoa dago ikusgai.
Horrez gain, Joachim Mogarraren (Tarragona, Espainia, 1954) Série Biblique osatzen duten bi argazki erakusten dira, Mogarrak gaizki eginda dagoenaren kontzeptua partekatzen baitu Filliourekin. Horri Florian Pugnaireren (Maisons-Laffitte, Frantzia, 1980) Stunt Lab bideo- eta eskultura-lana gaineratu behar zaio, gaizki eginda dagoen horretatik harantz jo, eta deseginda dagoena erabiltzen baitu lan egiteko.

Bigarren atalak, Mendialdeko egunak izenekoak, gizakiak naturarekin duen harremana aztertzen du, gehienbat hiritarra den gizarte batean, oraingoan. Lehenik eta behin, Dove Alloucheren (Sarcelles, Frantzia, 1972) Melanophila II ou l’ennemi déclaré marrazki-sailak denboraren ideia sartzen du espazio naturalaren pertzepzioan, eta aurrez aurre jartzen ditu gizakiaren orduak eta erritmo naturala. Bestalde, sua eta bere indar suntsitzailea aipatzen ditu; eta ideia hori Céleste Boursier-Mougenoten (Niza, Frantzia, 1961) Overlap soinu-proposamenean eta Bernard Fauconen (Apt, Frantzia, 1950) Les Mandarines argazkian ere azaltzen da. Les Grandes vacances izeneko sailean, Fauconek naturan murgiltzeko unerik biziena berreraikitzen du, hau da, haurtzaroa. Pauline Bastardek (Rouen, Frantzia, 1982), Beautiful Landscapes collageen sailean, hirietako biztanleek naturarekiko duten irrika indartzen duten irudiak desegiten ditu.

Hirugarren atalak, Erresistentzia izenekoak, agerian jartzen du pertsonek beren bizitza gobernatzeko duten ezintasuna, haziz doan kontrol sozialaren eta krisiaren esparruan. Claire Fontaineren STRIKE, K. Font, V.1 neoia itzalita egoten da espazioan mugimendua dagoen bitartean, eta jendea bi minutuz edo denbora gehiagoz geldi geratzen denean edo aretoa hutsik dagoenean, berriz, argitu egiten da (2004. urtean Parisen sortutako artisten talde bat da Claire Fontaine). Hausnarketa bat da hori, “gorputzek espazioan duten botereaz, elkarrekin geldiarazteak duen garrantziaz”, artistak “giza greba” deitzen duen horretaz. Lan hori harremanetan dago Bertille Baken (Arras, Frantzia, 1983) Faire le mur bideoarekin, bideo horretan Frantziako iparraldeko Barlin meatze-herriko biztanle-erkidego bat azaltzen baita, Administrazioak kaleratu nahi duena. Artistak alegia bat eraikitzen du, biztanleen parte-hartze eraginkorraren bidez; eta errealitatea burlazko moduan aldatzea proposatzen du, mendeku poetiko oso bat.

Laugarren atalak, Gogoeta egiteko objektuak deitutakoak, ikusleari galderak egiten dizkioten eskultura-ereduen aukeraketa bat egiten du. Barneko kontuetatik kontu kolektiboetara zabalduz, munduan jarduteko ditugun moldeak salatzen dituzte. Xavier Veilhanen (Lyon, Frantzia, 1963) Le véhicule (Ibilgailua, 1995-1996) lanak automobilaren teknologia nabarmentzen du, bere merkatu indartsuari aipamena egiteko. Philippe Rametteren (Auxerre, Frantzia, 1961) Sans titre provisoire (Borne à révolte) tresnak –hau da, Behin-behineko titulurik gabe (Gidatu errebolta pizteko)– gure jokaera zibikoa arrazoitzen du. Hala, bada, Tatiana Trouvék (Cosenza, Italia, 1968) ezkutuan dagoena eta ahaztutakoa berreskuratzen, antolatzen eta artxibatzen ditu bi piezatan, hain zuzen, B.A.I - Bureau d’Activités Implicites edo Jarduera Inplizituen Bulegokoak diren Cellule de sable (Hareazko gela) eta Les Fantômes (Mamuak) lanetan.
Erakusketako ikusleei agur esango dien lana Joachim Mogarraren Le bouquet perpétuel (Betiereko sorta) da, hau da, hiru arrosa heze pitxer batean sartuta. Artistak aretoko zaintzaileen esku utzi duen keinu soil bat da, eta aditzera eman nahi du artea egunero besteekin partekatzen den gutxieneko zerbait dela.

Rekalde Aretoak argitara eman duen argitalpenean, Alexandra Baurès komisarioaren testuak jaso dira, erakusketarekin batera. Horrez gain, Jaime Cuencaren testu bat dago, Iratxe Jaio & Klaas van Gorkum eraikitzen ari diren lanari buruzkoa.



Irudiak
  • ROBERT FILLIOU.Telepathic Music n°7 – The Principle of Equivalence carried to a series of 5 (1977).<br />FLORIAN PUGNAIRE. Stunt Lab (2009-2010) Collection Frac Aquitaine, Bordeaux.

    ROBERT FILLIOU.Telepathic Music n°7 – The Principle of Equivalence carried to a series of 5 (1977).
    FLORIAN PUGNAIRE. Stunt Lab (2009-2010) Collection Frac Aquitaine, Bordeaux.

  • FLORIAN PUGNAIRE. Stunt Lab (2009-2010) Collection Frac Aquitaine, Bordeaux.

    FLORIAN PUGNAIRE. Stunt Lab (2009-2010) Collection Frac Aquitaine, Bordeaux.

  • FLORIAN PUGNAIRE. Stunt Lab (2009-2010) Collection Frac Aquitaine, Bordeaux.

    FLORIAN PUGNAIRE. Stunt Lab (2009-2010) Collection Frac Aquitaine, Bordeaux.

  • DOVE ALLOUCHE. Melanophila II ou l'ennemi déclaré (2003-2008).<br />JOACHIM MOGARRA. La Terre promise. Série biblique (1986) / Le Jardin des délices. Série biblique (1986) Collection Frac Aquitaine, Bordeaux.

    DOVE ALLOUCHE. Melanophila II ou l'ennemi déclaré (2003-2008).
    JOACHIM MOGARRA. La Terre promise. Série biblique (1986) / Le Jardin des délices. Série biblique (1986) Collection Frac Aquitaine, Bordeaux.

  • CLAIRE FONTAINE. Strike, K. Font, V.1, (2005) Collection Frac Aquitaine, Bordeaux.
    CLAIRE FONTAINE. Strike, K. Font, V.1, (2005) Collection Frac Aquitaine, Bordeaux.
  • BERTILLE BAK. Sans titre (2009) / Cité nº 5 (2007) Collection Frac Aquitaine, Bordeaux.
    BERTILLE BAK. Sans titre (2009) / Cité nº 5 (2007) Collection Frac Aquitaine, Bordeaux.
  • JOACHIM MOGARRA. Bouquet perpétuel (1988) Collection Frac Aquitaine, Bordeaux.
    JOACHIM MOGARRA. Bouquet perpétuel (1988) Collection Frac Aquitaine, Bordeaux.