Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

Bertrand Dezoteux

Txerri

2012ko abuztuaren 28tik irailaren 30era

Rekalde Aretoak Txerri bideoa aurkezten du, hau da, Bertrand Dezoteux artista frantziarrak (Baiona, 1982), Euskal Kultur Erakundearen babesaz, www.eke.org/es egindako lana.

Lan hau izan zen Euskal Kultur Erakundeak arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak garatzeko antolatu zuen "Hogei’ta" programako irabazlea 2011n. Bideoa lehenago aurkeztu da, Baionako Le Carrén eta Iparraldeko beste herri batzuetan, eta, orobat, Parisko Centre Georges Pompidou zentroan.

ERAKUSKETA

Bideoan egin zituen aurreneko lanetatik hasita, Bertrand Dezoteuxek beti izan du interesa mundu berriak sortzeko. Kontakizun grafikoa ikasi zuen Angoulêmen, eta ikasketa hori ez zen alferrikakoa izan. Gainera, beti formatu berriak aurkitu nahi izan dituenez, hainbat film egin ditu, zientzia-fikzioa, amateurismoa eta dokumentala nahasten dituzten filmak. Zientzia-fikziozko eleberrien ereduaz gain, artista honengan eragin nabarmena izan du Nouveaux Roman joeraren sortzaile eta teorialari nagusia izan zenaren literaturak, hau da, Alain Robbe-Grillet-en lanak. Oihartzun hori hasierako proiektuetako batean sumatzen da, Roubaix 3000 lanean. Frantziako hegoaldean, etxekoekin egin zuen bazkari batean grabatu zituen elkarrizketak erabiltzen ditu hor. Elkarrizketa horiek baliatu zituen, zati zehatz batzuk aukeratu, eta playbacken antzeztarazi baitzizkion antzezle-talde bati. Hiri-giroko hainbat agertoki hautatu zituen, eta Roubaix hiriko arkitektura modernoa paratu zuen atzealdean. Hala elkarrizketak, nola eszenaratzea bera nahasgarri samar geratzen dira, gizakien arrastorik gabeko gune horietan, barnealdera sartzeko gogorik pizten ez duten arkitektura modernoko mausoleoak balira bezala. Unheimlich kutsua ere badago, hau da, harridura kezkagarria. Alde batetik, egoera hauek ezagun egiten zaizkigu, baina azpijokoz eta trikimailuz beterik sumatzen ditugu.

Espazioa eta denbora lekuz aldatzeko joera hori artista honen beste film batzuetan ere agertzen da, adibidez, Zaldiaren orena izenekoan. Istorioaren abiaburua artistaren amonaren oroimen bat da, amonak Iparraldeko bere herrixkan Bigarren Mundu Gerran gertatutako pasadizo bat ekartzen baitu gogora: alemaniarrak zaldi baten bila ibili zirela, zaldia bahitzeko. Anakronismoa muturrera eramanez, robot bat eraikitzen du, urruneko kontrolaz dabilen eta bideo-kamera bat duen robota. Landa-guneetatik ibiltzen da, eta galderak egiten dizkie baserritarrei, desagertutako animalia non dagoen jakiteko. Robotaren ikuspegitik, mundua gauza bihurtzen duen begirada horretatik abiatuta, Dezoteuxek azterketa dokumental antropologiko eta etnografiko moduko zerbait egiten du, bere gisakoa, zientzia-fikzioa ere gogora ekar dezakeena.

Rekalde Aretoan aurkezten duen Txerri bideoan, Dezoteuxek aurreko lanean erabili zituen baliabide batzuk hartzen ditu berriro. Alde batetik, euskal landa-esparruan kokatzen du istorioa berriz, eta, bestetik, kontakizun berean elkarretaratzen ditu desberdinak diren hainbat osagai. Alabaina, oraingoan, ez du benetako osagairik sartzen. Lehenik, bideoa filmatzen du, eta, gero, muntatze-lanetan, 3D formatuan animatutako izaki birtual horiek sartzen ditu, biztanleen harridurarako Irisarri herrixka lasaian oldarka sartzen diren bi txerriak. Lehenago, robot alemanaren begiradak gidatzen zuen kamera, eta orain, berriz, bi txerrien ikuspegiak erakusten dizkigu herrian dauden ohiturak: euskal pilota, dantzak, musika, ehiza-taldea… sokatiraren aldaera etxetiar bat ere eskaintzen digu.

Proiektu hau egin ahal izateko, Dezoteuxek Irisarriko biztanleen laguntza eta elkarlana izan zituen bere alde. Aldizkako antzezle gisa parte hartu zuten filmean, Dezoteuxek antzezleen amateurismoa jaso nahi baitzuen, eta jakin nahi baitzuen nola jokatu behar zuten animalien agerpena irudikatuz, hau da, film laburreko protagonisten agerpena irudikatuz. Herritik ibili bitartean, batzuetan animalia lasaiak direla ematen du; bestetan, berriz, izaki bihurriak dirudite. Aurretik harrapatzen duten guztia suntsitzen dute, harremanetan jartzen dira herrikoekin, eta haien txerri-izaerak agintzen diena betetzen dute.

Filmean, umore-kutsu pixka bat ere badago; eta artistak ez du arazorik muntatze-lanetan baliatutako trikimailuak azaltzeko. Ekoizteko teknika desberdinak bateratzen ditu, eta hortxe dago, hain zuzen, bere esperimentazioaren ardatza.

ARTISTA       www.roubaix300.com

Bertrand Dezoteux (Baiona, 1982) Baionan bizi da, eta bertan lan egiten du. 2001. eta 2003. urteen artean, kontakizun grafikoa ikasi zuen Angoulêmeko École superieure-n; eta 2004. urtean Pusan-era joan zen (Hego Koreara), Koreako margolaritza ikastera. 2008an diplomatura eskuratu zuen, Turcoing-eko Fresnoy-Studio national des arts contemporains-en; eta, urte horrexetan, Scam-en Prix Jeune Talent Numérique saria lortu zuen, 3D formatuan egindako Le Corso animazioko bideoarekin.

2010ean, Zaldiaren orena bideoarekin hartu zuen parte Parisko Palais de Tokyo-ko Dinasty erakusketan eta Musée d’art moderne de la ville museoan; eta urte berean Parisko Fondation Ricard-en Reset erakusketan ere izan zen. 2011n, Christophe Kihm-ek Palais de Tokyon abiarazitako Reboot3 proiektuaren esparruan, TV-realité Sly`s Drivers telebistako emanaldia sortu zuen bere bi anaiekin batera, Bat Formulako pilotuen maila hobetzeko. Bere azken erakusketen artean, hauek nabarmendu behar ditugu: Le silence des Bêtes, Hors Pistes jaialdian, Centre Georges Pompidou-n; eta Low Montains, Marrakexeko Fondation Dar Bellarj-en.



Irudiak
  • Txerri Bertrand Dezoteux
    Txerri Bertrand Dezoteux
  • Txerri Bertrand Dezoteux
    Txerri Bertrand Dezoteux
  • Txerri Bertrand Dezoteux
    Txerri Bertrand Dezoteux
  • Txerri Bertrand Dezoteux
    Txerri Bertrand Dezoteux
  • Txerri Bertrand Dezoteux

    Txerri Bertrand Dezoteux

  • Txerri Bertrand Dezoteux
    Txerri Bertrand Dezoteux
  • Txerri Bertrand Dezoteux
    Txerri Bertrand Dezoteux
  • Txerri Bertrand Dezoteux
    Txerri Bertrand Dezoteux
  • Txerri Bertrand Dezoteux
    Txerri Bertrand Dezoteux