Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

Erlea Maneros

2007ko irailaren 27tik abenduaren 02ra

Komisarioa: Leire Vergara

Erlea Maneros-en (Bilbo, 1977) lan piktorikoan gaur egungo irudien ekoizpen izugarriaren miaketa zorrotza gailentzen da. Izaera abstraktua izan arren, bere lanak figurazioa du abiapuntutzat, lan prozesuaren bitartez garatu eta eratu egiten delarik, ikusizko dokumentuak jabetu, aztertu eta eraldatu, jatorrizko testuinguruko iruditik aldendu arteraino. Azken fasean, irudi beraren bertsio edo estudio ezberdinen bitartez artikulatutako tratamendu hori, jasaten dugun ikusizko kontsumo zorabiagarriaren aurrean etenaldi kritikoaren proposamen bezala itzultzen da. Bere lanak ikuslearen irakurketa burutsuagoa aldarrikatzen du, ahalegina eskatzen duen arreta.

Maneros perspektiba bikoitzetik egindako hurbilketa kontzeptualaren alde dago: batetik, irudiaren errepresentazio mekanismoen ikerketa zehatza; bestetik, medio berarekin konpromisoa, kasu bakoitzean erabilitako prozedura aztertuz. Lehenengoaren bitartez, uneko konbentzioekin apurtuz pinturaren aurrerapausoak permititu dituzten krisialdiekin lotura esanguratsuak ezartzearen bila dabil; batez ere, adierazkortasuna, ederra dena eta sublimea edo autoretza eta saileko ekoizpenarekin erlazionatutako kontzeptu komunen inguruan artistak garatutako dekonstrukzio analisi motan nabarmentzen da. Horren parean, teknika piktoriko klasikoen erabilera zorrotzak 'irudi bat fideltasun osoz kopiatzeko erabiltzen zen zenbaki trama, edota zianografia bezalako teknika zaharkitua bezalakoen erabilera' irudiaren erreprodukzio mekanikoa keinu piktorikoaren jeinutasuna desmitifikatzeko gogoetarako faktore bezala eragiten du. Bere sailetan Maneros-ek, azken finean, berreguneratu egiten ditu kontu hauek eta pinturaren dimentsio estetikoaz haraindi, dimentsio politikoa ere ulertzeko moduan edozein onespenen kontra joanez egiten du.

rekaldeko Kabinete Abstraktuan Maneros-ek aurkezten duen lan sail berriak irudi espezifiko bat hartzen du abiapuntutzat: Charles Willson Peale estatubatuar pintorearen koadro bat, iparamerikar independentzi gerrako pertsonaia eta gertakarien erretratugile garaikidea da bera, eta oraingo honetan, herrialdeko titularitate pribatudun lehenengo museoa fundatzeko erabilitako bere lan eta bitxikerien bilduma propioa aurkezteko jarreran bere burua erretratatzen du. Erakusketako elementu anitzetan 'marrazkiak, argazkiak eta zianografiak' erabilitako ikusizko erreferentzia horrekin, gure artistak bere irudikari kontzeptualean sartzera gonbidatzen gaitu eta aldi berean gaur egungo sistema politiko-kulturalean sublimea eta monumentala edo ederra eta artifiziala denarekiko hurbilketa kritikoa egitera.