2012ko otsailaren 14tik martxoaren 18ra
Karlos Martínez B.ek (Durango, 1982) I don't know what to say, you don't care anyway, erakusketa aurkezten du, Bizkaiko Foru Aldundiak 2010ean emandako arte sorkuntza Bekari esker izandako ikerketa-aldian egindako lanekin.
Erakusketaren izena I don't know what to say, you don't care anyway, (ez dakit zer esan, nolanahi ere, ez zaizu axola) da, Erresuma Batuko New Order taldearen abesti batetik hartuta. Bi lan ezberdin erakusten dira, baina musikak eta izenburuek lotuta, Karlos Martínez B.ek azken urteotan egindako lan eskultoriko eta bidimentsionalaren irudia direlarik.
Erakusketa honek, barriek programari hasiera ematen dio, Bizkaiko Foru Aldundiaren arte sorkuntzarako Bekak jaso dituzten artistak eta euren lanak ezagutarazteko.
Arkitektura eta ideologia, arlo publikoa eta gune pribatua, historia eta oroimena. Gai horien arteko harremanak beti piztu du Karlos Martínez B.ren interesa. Zer-nolako eragina izan dezakeen testuinguru jakin fisiko batek giza talde baten jokaeran eta jardueran, edo eraikitako gune horietan nola geratzen den beti lekuen oroimenaren arrastoa. Horiek dira bere esperientzia artistikoaren oinarrian dauden premisetako batzuk.
Musikak ere eragin handia izan du bere obraren kontzeptualizazioan. Batetik, erkidegoa sortzeko duen indarragatik, eta bestetik guneak eta bizimoduak sortzeko duen ahalmenagatik. Eragin nabaria izan du, bereziki, laurogeiko hamarkadan The Factory disko-etxearen inguruan sortu zen Manchester hiriko musikak. Hala, besteenaz jabetuz, Karlos Martínez B.k New Order talde britainiarraren kanta baten hitzetatik jaso du erakusketaren izenburua: I dont know what to say / You dont care anyway (Ez dakit zer esan, baina zuri ez zaizu axola).
Musikazko hari bat balego bezala, musikak proiektu osoa jartzen du harremanetan, baita erakusketan dauden bi eskultura-lanen izenburuak ere. Bizkaiko Foru Aldundiak 2010. urtean emandako sorkuntza artistikorako bekari esker egin duen ikerketaren emaitza dira lan horiek.
Bauhaus eskolaren irakaspenak eta, oro har, nazioarteko estiloa abiaburutzat hartuta, Mies van der Rohek diseinatu zituen bi eraikinen irmotasunak, eta, aldi berean, arintasunak bereganatu zuten artistaren arreta: Bartzelonako Pabilioiak eta Illinoisko Farnsworth Etxeak. Hala, altzairua eta kristala bezalako egiturazko osagaiak lekuz aldatzen ditu, Glass-Crystal pieza eraikitzeko (Beira-Kristala). Arkitekto alemanaren eraikinetan, haien leuntasuna nabarmentzen da; hemen, berriz, egitura biluzik dago, bere itxurarik zakarrenaz, hondakin bat balitz bezala, edo natura-hondamendi batetik edota gatazkako alderdi batetik ateratako hondar bat balitz bezala. Hala ere, bestetik, Karlos Martínez B.k oso sentiberatasun desberdinekoak diren bi osagai nabarmendu eta jarri nahi ditu aurrez aurre: altzairuaren gogortasuna eta opakotasuna, eta kristalaren gardentasuna eta hauskortasuna. Izan ere, bere lanak gizakiaren hauskortasunaz mintzo dira, piezaren izenburua eratzen duten bi kantak bezala: Joy Division talde britainiarraren Glass eta New Order taldearen Crystal kantak.
Instalazioarekin batera, obraren hasierako zirriborroa paratu da, esperimentazio-ildo beretik egindakoa. Horrez gain, laurogeiko hamarkadako egunkari bateko argazki baten fotokopia bat agertzen da, eta argazkian Berlingo La Belle diskoteka ikus daiteke, 1986. urtean lehergailu batek eztanda egin ondoren geratu zen moduan; Gaddafiren agindupean zegoen talde libiar batek hartu zuen bere gain leherketa. Gazteen aisialdirako eraikitako gune artifizialak edo diskotekak, gazteak elkarrekiko harremanetan eta iluntasunean dantzan ari direla disko-jartzailearen musikaren erritmoan, bat-batean beldurrezko gune bilakatuta.