Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Aurrekoak

Mark Lewis

Berraurkitutako distantzia

2003ko uztailaren 10etik irailaren 28ra

Mark Lewis Londresen bizi den Kanadako artista handia da. Bere lanetan azken hamarkadako filmetako irudiaren izaera ikertzen du. Halaber, irudi piktorikoaren eta mugimenduan dagoen irudiaren arteko erlazioa ere aztertzen du. Lewisek arreta handiz eraikitzen ditu filmak eta horiekin denbora errealaren nozioa ikertzen du, baita errepresentazioaren nozioa ere, filmatutako sekuentziara gerturatzean ikusleak daukan 'akzio' egarriaren bidez.

Rekalde Aretoko erakusketak zazpi proiekzio aurkeztu ditu, orain gutxiko obrak gehienak, eta Airport (2003), hau da, erakusketa gunearen aurrealdeko horma okupatzen duen piezaren inguruan artikulatuak. Kamera Torontoko aireportu-terminal bateko puntu finko batean dago kokatuta eta bertatik leku horretako jardueraren joan-etorriak eta hasiera batean ezer berezirik erakusten ez duen espazio estereotipatu bat filmatzen ditu. Ez da eremu publiko bat, ezta eremu pribatu bat ere. Eremu nahasia da, bi ezaugarriak uztartzen dituena, oro har, eguneroko bizimoduan ditugun leku gehienen antzera. Partekatutako mundua da, irudiak kokatzen duen egitura handi horren markoan gertatzen diren historia partikularrek aldatzen ez duten mundua.

Pantailaren beste aldean, 180 graduko bira eginda, izaera guztiz ezberdina aurkituko dugu, baina aitzitik, ikusi berri dugunarekin erlazio estua duena: Algonquin Park (2002) Kanadako parke naturala, martxoaren hasieran filmatuta. Paisaia erromantiko baten eszena bat dirudi eta haren indarrean jartzen du arreta. Kameraren mugimendu geldoak, behaketaren plazer guztiak barneratu nahi dituen ikuslearen begien antzera, irudiaren eta ikuslearen arteko sinkronia berezia sustatzen duela dirudi.

Zer da irudi bat? Lewisentzat mundua kontatzeko modua baino mundua deskribatzeko bidea da. Orubeetako, topaketetako, aireportuetako, Londres eta beste hiri batzuetako aldirietako irudiek geldiuneak egiteko lurralde solidoa irudikatzen dute, gure inguruneko paisaien errepasoa egin eta finkatzeko helburu ikusgarria dira. Modu harrigarrian, irudiak askatu egiten gaitu, modu indibidualean nahiz taldeka ikusten duguna interpretatzeko erreferentzia puntuak ezartzeko aukera ematen digu, pinturan hasi eta abangoardiako zinemara iritsi arte. Azkar globalizatzen den mundu honetan, sinpleak eta garrantzirik gabeak diruditen irudien bitartez abiadura, geldotasuna, arreta eta beste hainbat noziok norberarentzat duten esanahia ikertzea da Lewisen eskaintza. Irudi horien esanahi aldagarria ekintzazko izatean datza.

Irudi bakoitza koadro bat da, errealitatea irakurtzeko aukera bat, ez 'gertatzen' denaren ildoan, irudi hori eraikita dagoen irizpide formaletan baino. Ikusle gisa, 'ekintzaren' eremutik behatuta, denboraren dimentsioak garrantzia galdu eta behaketaren zentzua zorroztea eskatzen zaigu, ikusmenaren plazerak. Denbora erreala, narrazioa, arreta eta antzeko kontzeptuek dimentsio kritikoa bereganatzen dute Lewisen lanetan. Azken batean, nozio horiek ikusmenaren zentzua gogoetaren dimentsioarekin batzera daude bideratuta.

Sala Rekaldek Mark Lewis-en lanei buruzko mintegia antolatuko du erakusketa honekin batera. Mintegia irailaren 25ean egingo da, eta erakusketari amaiera emango dion ekitaldia izango da. Irailean halaber, Malmöko (Suedia) Rooseum Arte Garaikidearen Zentroarekin (Rooseum Center for Contemporary Art) batera, artistak egindako azken filma, The Brass Rail, estreinatuko da.