Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Rufo Criado
Rufo Criado

Erakusketak

Egunekoak

Ur Soinuak

Rufo Criado

2012ko urtarrilaren 20tik apirilaren 09ra

Rekalde Aretoak Rufo Criadoren margolanen erakusketa aurkezten du. Criado (Aranda de Duero, 1952) ereduzko artista da margolaritza garaikidearen esparruan. Erakusketak 1994 eta 2010 urteetan zehar sortutako 40 bat lan aurkezten ditu. Rufo Criadok Rekalde Aretoan ikusgai jarri duen proiektuaren abiaburua Ur soinuak lana da. Lan hori lehenengo aldiz ikusi ahal izango dugu osorik Bilbon. Hamar margolanez eratutako sekuentzia bat da.

Natura-ingurunea barneratzeko prozesua etengabe azaldu da Rufo Criadoren jardute artistikoan, eta, denboraren poderioz, gero eta objektibotasun gutxiagoz ageri da. Natura oinarrizko osagaia da, eta haren inguruan egituratu eta eraiki ditu lanak. Bestalde, ura, ibai eta isla den aldetik, bere lan askoren sorburua edo ezinbesteko aipamena da. Hortik abiatuta, ikusmeneko sentipenak egituratzen ditu, hautemandakoa arrazionalizatzen du, eta kolorearen bidez komunikatzen du.
Rufo Criadoren hausnarketa plastikoaren inspirazio-iturria den naturaren beste oihartzun bat balitz bezala, Ur soinuak erakusketan bilduta dauden lanek zuzeneko harremana dute urarekin, batzuek era esplizituan eta beste batzuek ura gogora
ekartzen duen era geometriko eta abstraktu batean. Criadoren arabera, “ura bizitzaren metafora balitz bezala jarduten da, gardentasuna dakar garai uher eta arrotzetan, eta positibismoaren aldarrikapena da, eguneroko errealitatearen ispiluan bere buruari begiratzen dion positibismoarena”. Era berean, lanek zerikusia dute lekuaren eta hurbiltasunaren ideiarekin, zeren, Rufo Criadoren ustez, esperientzia
estetikoak lotura zuzena baitu bere estudioko natura-ingurunearen ikusmen eta zentzumen aldeko asimilazioarekin.
Rufo Criado adierazkorra eta sintetikoa da, keinurako joera du, geometrikoa da, kolorearekin bikaina da, eta bilakaera izan du, alde batetik, lanaren eraikuntzan eta, bestetik, material berriak bereganatzean. Bidimentsionaltasunetik hiru dimentsioko egiturara igaro da, eta formatu ortogonaletik zirkularrera. Horren ondorioz sortu diren piezek ez dute beren margolaritzako erreferentzia alde batera utzi, baina aurrera egiten dute objekturantz, eskulturarantz.
Izan ere, Rufo Criadok, akrilikoa erabiltzeaz gain, aspaldi baliatu zituen pintura industriala, argazkigintza eta ordenagailuz sortutako pintura, kolorearen nolakotasun jakin bat aurkitzeko eta gune piktorikoaren mugak eta horrek naturarekin dituen harremanak etengabe miatzeko.
Egindako esperimentazioaren ondorioz, xafla, saretoa edo zura baliatzen ditu euskarri gisa. Horrek naturaz bestelakoa den mundu batera eramaten gaitu, hirigunearekin lotura duen mundu batera, hain zuzen, publizitateko hesien edo seinaleen mundura, eta paisaiaren eta hiriko diseinuaren arteko hibrido moduko zerbait egiten du horrela.
Adibidez, Ojos de agua sailean (Ur begiak, 2007), argi-kutxetan estutzen du xafla metalikoz egindako gerriko batez organikotasunaren aztarna, kasu honetan ondoz ondoko kolore-planoen azpian irudikatutako argazkigintzako basotxo baten bidez irudikatutako organikotasuna. Alabaina, aldi berean, konposizio zirkular horiekin, badirudi margolariak aitortu nahi duela “begi-hondo hori” beti egon dela paisaiari begira. Bestetik, Días de Otoño. Reflejo nº1 izeneko lanean (Udazken egunak. 1. zk.ko isla, 2006), Rufo Criadok bizkortasunez eratzen du piezaren izaera askea, eta sintesi-irudi, pintura, paisaia eta hiri-altzariaren arteko hibridazio erabakia.
José María Parreñok, hau da, erakusketako katalogoko saiakeraren egileak, honela azaltzen du: (…) “bere obrak aukera ematen du abstrakzioa sintesi modura irakurtzeko, baina arte puru gisa irakurtzeko ere bai. Koadroa ikur eta, aldi berean, eraikuntza gisa interpretatu ahal da. Horrez gain, alde batetik, Criado geometriara egokitzen da (hau da, espazioa arautzera), baina, bestetik, indar adierazkorra dago, batzuetan pintzelkadaren bidez zehaztua, eta, beste batzuetan, berriz, hautatutako colorearen bidez finkatua”.

 www.rufocriado.com
RUFO CRIADO  bere jaioterrian bizi da, eta bertan lan egiten du. Hiri horretako A UA CRAG taldea sortu zuen kideetako bat izan zen
(1985ean sortutako Ekintza Artistiko eta Espazio Alternatiborako taldea). Talde hori jardunean aritu zen 1994. urtera arte, esku-hartze artistikoak egin zituen hainbat lekutan eta trukeak egin zituen Frantzia, Alemania, Holanda eta Kanadako taldeekin. Autokudeaketako taldeko esperientzia artistiko horren ondoren, bere lanek kutsu arrazional eta objektualagoa hartu zuten, eta, aldi berean, garapen sekuentzialen
bidez egituratu ziren. Garai hartan, naturako sentipenak adierazteko eta itzultzeko interesa piztu zitzaion, eta natura interpretatzeko molde berri baten bila ere hasi zen.
1994an, Madrilgo AELE-Evelyn Botella galeriarekin hasi zen lanean, eta gaur egun bere ordezkaria da. Banakako hainbat erakusketa egin ditu galeria horrekin, eta, gainera, nazioarteko ondoz ondoko azoka batzuetan hartu du parte, adibidez, ARCO
eta ART COLOGNE azoketan (Kolonia, Alemania). Bestetik, erakusketa hauek ere nabarmendu behar ditugu: Janus Avivson Gallery, Londres, Paris eta New York (1997-1999), eta Adriana Schmidt galeria, Stuttgart, Alemania (1999).
Bere azken proiektuen artean hurrengoak nabarmentzen dira: Ojos de agua erakusketa ibiltaria Cervantes Institutuak antolatua, Palermon, Napolin, Varsovian, New Delhin eta Tokion (2007-2009); Burgosko CABeko berrikuspen garrantzitsua eta
Treinta y tres lágrimas de silencio (2011), Valladolideko Patio Herreriano Museoan.
Rufo Criadoren lanak museo eta bilduma hauetan jasota daude, besteak beste: Vitoria-Gasteizko ARTIUM, Valentziako IVAM, Leongo MUSAC (A Ua Crag funtsa), Museo Unión Fenosa de La Coruña, Museo de Bellas Artes de Santander, Museo de Burgos, Calcografía Nacional de Madrid, Colección Caja de Burgos (Banca Cívica), Fundación Coca-Cola, Colección CajaMadrid, Colección Helga de Alvear eta Colección Pilar Citoler.



Irudiak
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado
  • Rufo Criado
    Rufo Criado