Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

Alfredo Alcain

2012ko irailaren 07tik azaroaren 18ra

Erakusketak Alfredo Alcainen (Madrid, 1936) lanaren ikuspegi zabala aurkezten du, 60. hamarkadako amaieratik eta gaur egunerarte. 2012. urtearen hasieran, Madrilgo Casa de la Moneda Museoan Miradas sobre papel izenburupean erakutsi zituen irudietako askok osatzen dute erakusketa hau. Horiekin batera,  margolanen eta eskulturen sail esanguratsu bat izango dugu ikusgai, lana testuinguruan kokatzeko eta osatzeko lagungarria izango dena. Eransketa berri hauek euskal museo eta bilduma pribatuetan daude jasorik; eta horrek argi erakusten du Alcainek zein harreman estua eta hurbila izan duen beti Euskal Herriarekin. 1965. urtean jarri zuen lehenbiziko banakako erakusketa, Bilboko Illescas galerian, Ricardo Toja margolariarekin zuen adizkidetasunari esker.

130 bat lan aurkezten dira. Ibilbidea eta artistaren lanaren erapena azaltzeko, bederatzi sail ezberdinetan daude antolaturik: Bizitik, aurrealdeak eta erakusleihoak, petit-point brodatuak, natura hilak, Cézanne petit-point, telefonoko marrazkiak, lerroak eta orbanak, hainbat gai eta eskulturak.

Rekalde Aretoak erakusketa honetarako bereziki argitaratu duen katalogoan, Bernardo Atxagak egindako lankidetza garrantzitsua nabarmendu behar da. Izan ere, Alcaini eskaini zion poema eman du argitara lehenbiziko aldiz, idazleak berak euskarara itzulita. 

ERAKUSKETA

Alberto Corazónek 1979. urtean eman zuen argitara El sol sale para todos izeneko azterlan ikonografikoa, Madrilgo saltokietako aurrealdeak aztergai zituena. Ordurako, hamar urte baino gehiago ziren hiriburuko auzo herrikoietako ikono horiek Alfredo Alcainen interesa pizten zutenetik. 1966. urtetik hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdera arte, bere margolanak erakusleiho eta aurrealdeetatik ibili ziren, ordurako galbidean zeuden zapore jator peto-petoko lekuetatik. Arte pop anglosaxoia kontsumoan oinarritutako gizarte aurreratuei begira jarri zen; baina Alcainen pop mintzairak, berriz, Espainiako gizarte tradizionalak berezko zituen gauzak hartu zituen helburutzat, nagusitzen ari zen gehiegikeriazko garapenaren ondorioz galbidean zeuden horiek. Era berean, Alcainek maiz baliatu zituen bestelako motiboen artean, apalpaperak nabarmendu behar ditugu, hau da, etxe herrikoietako zurezko arasa soilak apaintzen zituzten zerrenda atonduak, bai eta brodatzeko sareak ere, andrezkoen lanetan hain errotuta zeudenak.

Laurogeiko hamarkadaren hasieran, petit-point-erako sare bat aurkitu zuen Madrilgo mertzeria batean, Paul Cézannek egindako natura hil ezagun baten kopia zeramana. Horren ondorioz, natura hilak ardatz gisa hartzen zituen sail bati ekin zion, apalpaperetan eta, nolabait ere, saltokietako erakusleihoetan lehenago ere zabaltzen hacia zen sailari. Une horretatik aurrera, esperimentazioan aritu zen, Cézanneren irudi berberera behin eta berriro itzuliz, zehaztasunera joz edo adierazpen osoz erakutsiz, eta tratamendu grafikoak edota bertsio kromatiko desberdinak baliatuz. Marrazkia eta kolorea estilizatu ziren, petitpoint- aren gune koloreztatuek zehaztutako jarraibideen arabera. Bertsio batzuk monokordeagoak ziren, eta beste batzuetan, berriz, musikaltasun osoz lehertzen zen kolorea.

Hamarkadak aurrera egin heinean,  este mota bateko natura hilak hasi ziren agertzen, obal itxurako formatua eta dikzio kubista zituzten natura hilak. Joera hori, beharbada, Cezanneren estiloko natura hilen bilakaera natural historikoa izango da. Azken lanek duten izaera sintetikoa alde batera utzita, nabarmena da bilduma ilusionistagoa osatzen dutela, eta haietako batzuk miretsitako margolariei egindako omenaldiak direla.

Mende bukaerako hamarkadan, natura hil kubistaren ikusmolde berri baterantz igaro zen. Irudi berriak obal formatuko lanak baino askoz ere eskematikoagoak ziren. Zehazki, natura hilen eta fruta-ontzien sail bat dira, eta aldagai ugari dituzte, hala irudiaren tratamenduan, nola erabilitako teknika grafikoan. Adibide horietan, banandu egiten dira marrazkia eta kolorea: irazki linealak marrazkia eratzen du, batzuetan marradura batek azpimarratuta; eta kolore monokordea azalera handietatik hedatzen da, marrazkiaren geometriak mugatutako azaleretatik, edo, bestela, bereizitako kolorezko multzoetan zatitzen da, izan litezkeen konbinazio guztiak osatuz.

Halabeharrez, Alfredo Alcainek bide horretatik aurrera egitean, izugarri eskematizatu zituen formak, desagertu egin baitziren ia, eta, horren ondorioz, milurteko berrian abstrakziorantz jo du. Dagoeneko, lerroak eta orbanak, ez dago besterik, mataza korapilatsuak edo elkar gurutzatutako lerroak, bukaerarik gabeko horror vacui bat eratuz. Eta, azkenean, kolorearen hotsak egiten du durundi, tonu-akorde guztiak osatuz. Bereziki aipatzeko modukoak dira telefonoko marrazkiak deitutakoak; Alcainek dioen moduan, margolari askok erakutsi dute ohitura horretarako joera.

Ohitura horri jarraiki, margolariek paper bat zirriborratzen dute, harik eta osorik estalita utzi arte, eta, bitartean, telefonoz aritzen dira hizketan. Era askotako marrazkiak sortu dira horrela. Hala ere, denak ez dira hain bat-batekoak. Izan ere, Alcainek tamaina handiagoko kartoi meheak kokatzen zituen telefono ondoan, eta horrek asmo gehiagoz eginda zeudela ematen digu aditzera. Bestalde, marrazki batzuk geroxeago eskuztatu eta koloreztatu zituen.

Era berean, maiz ez izan arren, Alcainek brontzetan landu ditu natura hil batzuk, eta objektuen eskulturen sail bat zurean prestatu du. Berak egurtxoak deitzen dio sail horri, lauki eta oholaxka zatitxoz eginda daudelako, hala nola, Rekalde Aretoan ikusgai dagoen El Rascacielos (Etxe-orratza) lana. Eskultura horiek guztiak formatu txikikoak dira.

ARTISTA

Alfredo Alcainek (Madril, 1936) Madrilgo San Fernando Arte Ederren Eskolan ikasi zuen, eta hiriburuko Arte Grafikoen Eskola Nazionalean jarraitu zuen grabatuko eta litografiako ikasketak egiten. Bestalde, Zinemagintzako Dekorazioak ere bere interesa piztu zuen, eta, hala, bada, Madrilgo Zinemagintzako Eskola Nazionalean ikasi zuen. Ingurune horri dagokionez, Basilio Martín Patiñoren film hauetan aritu da lankidetzan: Nueve cartas a Berta eta Canciones para después de una guerra. Horrez gain, Peter Fitzi eta José Luís Gómezen muntatze-laneko maskaren eta eszenografiaren egilea da; Peter Handkeren, Das Mündel will Vormund sein (El pupilo quiere ser autor) lanari dagokio muntatze-lan hori.

Egin dituen erakusketen kopurua ezin kontatuzkoa da, Espainiako instituzio publiko eta museo askotan jarri baititu erakusketak –Alcainen lanen jabe baitira horiek–, bai eta galeria pribatuetan ere. Jaso dituen sari ugarien artean, honako hauek nabarmendu behar ditugu: Arte Plastikoen Sari Nazionala (2003) eta Casa de la Moneda Museoak emandako Tomás Francisco Prieto Saria (2010).



Irudiak
  • Alfredo Alcain
    Alfredo Alcain