Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

La poésie d'habiter.

Hondelatte & Laporte, architectes

2010eko azaroaren 16tik 2011ko urtarrilaren 30era

Instalazio honek Pariseko arkitekto gazteen bulegoaren proposamen fresko, koloretsu eta ausartak erakusten ditu, formatu handien bidez. Raphaëlle Hondelatte eta Mathieu Laporte-ren arkitektura sinple eta eskuzabala proiektu bakoitzaren berezko kontrasteetatik azaleratu egiten da, beti kasuan kasuko egoerari ondoen egokitzen zaion irtenbide egokienaren bila, eta esploratu gabe dauden bideen beldur gabe. Hain lanak imaginario aberats eta harrigarria zabaltzen du, obran jarrita oso testuinguru desberdinetan. Emaitza askatasun-dosi handiak arnasten dituen arkitektura da.

Lankidetzan, Frantziako Enbaxadarekin.

Raphaëlle HONDELATTE (Bordel, 1967) eta Mathieu LAPORTE (Versailles, 1969) Arkitekturan lizentziatu ziren 1997. urtean, Bordeleko Arkitektura eta Paisaia Eskolan. Hasieran, bakoitza bere aldetik aritu zen lanean; esperientzia tinkoa garatu zuten banaka. Raphaëlle Hondelatte-k Frantziako Arkitektura Gaztearen Album Berrien saria jaso zuen 2002. urtean, eta 2004. eta 2010. urteen artean irakasle laguntzailea izan da Versaillesko Arkitektura Eskolan. Bestetik, Mathieu Laporte sona handiko estudioetan aritu da lanean, hala nola, Jacques Hondelatte-ren (1993-1998), eta Anne Lacaton & Jean-Philippe Vassal-en (1998-2001) estudioetan, besteak beste. 1999. urtean, lankidetzan aritu ziren zenbait proiektutan; eta, elkarrekin aritzeko erronka horren ondorioz, 2002. urtean elkartu eta kide bihurtu ziren.
Haien proposamen arkitektonikoari jarraiki, kalitatezko programak, gune zabalak eta oparoak sortzen dituzte, eta enkarguak poesiaren ikuspegitik berraztertzen dituzte. Estetika ez da inoiz haien hausnarketen abiaburua. Horren ordez, testuinguruari begiratzen diote, zentzumenen alderdiari eta haren baldintzei. Era horretan, sortzen duten arkitekturak, ingurunea kontsumitu baino gehiago, ingurunea sortzen du.
HONDELATTE-k eta LAPORTE-k kanpoaldeak nabarmentzen dituzte, barnealdeei duintasuna emateko. Arrazoizko era batean, proiektuaren oinarrizko alderdiak doitzen dituzte, eta, gero, askatzen eta asaldatzen duen osagai bat sartzen dute, kontrasteen jokoa eragiteko. Horrela, proposamenaren berezitasuna nabarmentzen da.
Askatasunez beteriko unibertso horrek aukera ematen die irtenbide indartsuak plazaratzeko, baliabideak izugarri aurreztuta. Lantzen duten soiltasunaren indarra dute haien uste sendoek: proiektuak “nabaria” izan behar du, baldintzak inoiz ez dira eragozpena izaten, eta badakite zailtasunak saihesten, irtenbiderik egokiena, eskuzabalena eta poetikoena aurkitzeko.
Erakusketan sei proiektu berri bildu ditugu; batzuk bukatuta daude, eta beste batzuk, berriz, eraikitzeko prozesuan. Mahai batzuen gainean jarrita dauden pantailetan erakusten dira, pantailek proiektu bakoitzaren benetako irudiak erreproduzitzen baitituzte. Horren aldamenean, argibideak emateko testuak eta agiri grafikoak daude, lanaren beste maila bateko irakurketa egiteko: zehatz eta osoago irakurtzeko.