Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

Izaskun Araluzea Itza

2022ko urtarrilaren 25etik martxoaren 27ra

Rekalde Aretoak Izaskun Araluzea Itza (Bilbo, 1994) artistaren erakusketa aurkezten du barriek programa barruan. Programa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikorako Bekak lortu dituzten artisten artean hautatutako batzuen lanak aurkezten ditu.

"Erakusketa honetan aurkezten ditut 2019tik, hau da, dirulaguntza jaso genuenetik, egindako zenbait lan. Gehienak azken urte erdian egin ditut, baina azken finean, bi urteotan egindakoa biltzen dute nolabait ere. Paper gaineko marrazkiak dira guztiak, zeintzuetan oinarrizko garrantzia duten argiak, gainjarpenek eta koloreak.

2020an Eremuak#7 aldizkarirako egindako testu laburrari izen hau jarri nion: Egindakoa, ezabatutakoa, egin daitekeena. Testu horretan lan prozesua bera aipatzen nuen, marrazkiak egitearena, eta orain, eman nion titulua nahiko deskriptiboa iruditzen zait.

Izan ere, alde batetik, egindakoaren eta ezabatutakoaren marka literalki agertzen da marrazkietan. Hasieran marraztu dudana erabakigarria da, bai ezabatuan agertzen delako, bai erabat estali ezin delako. Beraz, ezin dut hasierako marrazkira itzuli eta ezin dut erabat estali ere. Horrek zerikusia du erabilitako materialarekin eta hau erabiltzeko moduarekin. Arkatzez egindako marrazkiak dira, gehienetan paperari presio handia eginez. Lan egiteko modu horrek izaera zehatza ematen dio egin daitekeenari eta, beraz, emaitzari.

Azken boladan buru-belarri aritu naiz marrazkiak egiteko modu honetan, lan egin bitartean topatu dudan poztasunak honek eman didan nolabaiteko asebetetzeak gidatuta. Eta erraz azaldu ezin dezakedan aurrera egiten dudan sentsazio bat izan dut, marrazki batetik bestera eraman nauena. Motibo batzuk errepikatu ditut, gustatu zaizkidalako, modu ezberdinetan probatu nahi izan ditudalako, batzuk eboluzionatu dute, beste batzuk desagertu egin dira. Motiboak ez ezik, koloreak, mugimenduak, ehundurak eta abar ere agertu ere dira.

Bestalde, bada ez dagoen hori, bilatzen dugunaren falta bezala uler genezake, agian gehiago egitera garamatzana. Egindakoa, ezabatutakoa, egin daitekeenak agian marrazkiei baino gehiago, prozesu osoari egiten dio erreferentzia. Baina, aldi berean, ez da nahikoa, esaldi honek irudikatzen duen segida ezin delako dirudien bezain lineala izan, marrazteko esperientzia lausoagoa delako, zabalagoa, gauzak ahalbidetzen dituen mekanismo bat, ateak irekitzen dituena".

Izaskun Araluzea Itza (Bilbo, 1994) artean gradua egin zuen 2016an EHUn eta Ikerketa eta sorkuntza masterra gauzatu zuen unibertsitate berean 2018an. Hona hemen bere erakusketa batzuk: Begoña (2021) Aire 2, Bilbo; Confi19 (2020) Aire galerian, Bilbo; Polita zatekeen (2019) Torrene aretoa, Algorta; Dime, dame, Aire, Bilbo (2019) ; I_A_U, Bizkaiko Batzar Nagusiak, Bilbo (2018); Hire maitale traketsa, Harriak programa, Beasain (2018).

ESKULIBURUA [PDF]