Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

Iván Gómez

La Noche Salva

2020ko ekainaren 16tik uztailaren 18ra

Rekalde Aretoak Iván Gómez (Irún, 1984) artistaren La Noche Salva erakusketa aurkezten du barriek 2020 programa barruan. Programa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikorako Bekak lortu dituzten artisten artean hautatutako batzuen lanak aurkeztuko ditu.

Dokumentua, egia eta kontakizuna bezalako nozioen inguruan eratzen da Iván Gómezen lana, historia eraikitzeko moduei eusten dieten egiturak bilatzeko. Historia kontaketa gisa eta boterea legitimatzeko egitura gisa ulertzen du, eta horrela garatu ditu, besteak beste, oraingo honetan aurkezten digun eleberri hedatua bezalako proiektuak.

Giorgio Agamben-ek Lo abierto. El hombre y el animal liburuan (2005), Walter Benjaminen aipu bat berreskuratzen du, berriro ere, Martin Heidegger bidelagun duela. Aipu horretatik dator, hain zuzen, proiektuaren izenburua: La noche salva (Gauak salbatu egiten gaitu) (2019). Gómezek izen bereko kontakizun bat idazten du, narratiboa den horren plastikotasunari eta gorpuztasunari buruzko erakusketa bat garatzeko abiapuntu gisa balio duena. Kontakizunak Elias du ardatz, eleberri baten idazlea. Eliasen eleberriko pertsonaiak gure beste eleberriko pertsonaiekin nahasita agertzen dira, eta denek Hondarribiko paradorean hartu dute ostatu. Hotel horretan atseden hartu zuten bere garaian Diego Velázquezek eta Espainiako Gorteak, eta horiek ere eleberrian sartzen dira, kontakizunean denbora joko bat eginez.

Errealitateen (idazle batek idazten ari den idazle bati buruz idazten du) eta denborazkotasunen jokoak metaeleberri bat eratzen du, historiako kontakizun batzuk ezbaian jartzeko aitzakia gisa, eta klase soziala, morrontza eta memoria bezalako kontzeptuen inguruan eta sorkuntza egintzaren beraren inguruan hausnartzeko balio duena.

Hori guztia hautemateko, diziplina anitzeko obra bat dugu, eskultura eta argazkiak uztartzen dituena. Obra hauetako protagonismoa ez dagokio Elíasi, baizik eta ikusezin egiten den irudi bati, zeinari ikusezin izan dadin eskatzen zaion: zerbitzari bat bezain ikusezin. Irudi hori lehenengo argazki seriean agertzen da. Alderantziz jarritako kopez egindako piramideen irudiek eta hautsitako zatiek agerian jartzen dute egituren prekaritatea, eta kontakizuna igarotzen deneko ingurunea aipatzen dute.

Irudi horien ondoan, plateren gainean, ahozapi tolestu batzuk daude. Ahozapietan inprimatuta, argazki dokumentalen instalazio-serie bat dago: erakusketan agertzeko modu berezia da, "kontsumitu" behar dugun zerbait desiragarriagoa egiteko estrategiak iradokitzen dituena. Inprimatutako artxiboko irudiek Elíasen, hau da, fikziozko idazlearen balizko dokumentazio lana ekartzen dute gogora eta kontakizunen gainjartze hori erakusten digute. Hori horrela, sei ikerketa ildo ikus ditzakegu: lehenengoak Carlos V. gazteluari, egun paradorea denari, egiten dio erreferentzia; bigarrenean, Espainiako eta Frantziako gorteek sinatutako Pirinioetako Bakearen hirugarren mendeurreneko oroitzapen ospakizunetara joan ziren pertsona ospetsuen argazkiak daude; hirugarren ildoak Hondarribiko jai herrikoietan jartzen du arreta, frantziarren setioaren aurreko erresistentzia, geroko erasoa eta aipatu Pirinioetako Bakea oinarri dutenetan. Jai horietan, gainera, Francisco Franco diktadorea herrian egon zen bisitaldia egiten.

Laugarren ildoak hirugarren mendeurrenerako antolatu zituzten jarduera kulturaletan jartzen du arreta: garai hartako agintarien atseginerako egin zituzten eskualde dantzak, erakusketak eta abestiak, besteak beste. Azkenik, bosgarren eta seigarren ikerketa ildoek haurtzaroan oinarritzen dira, hezkuntza prozesuetan botere ereduak birsortzen dituzten ikaskuntza ereduak aipatu nahian. Haurrentzako antzezlan bat ikus dezakegu, eta hondarrezko gazteluen lehiaketa bat. Azken irudi horiek kontakizunaren egitura zirkularra indartzen dute, eta eraikin historikoaren ustezko irmotasunaren aurreko kontrastea dira.

Artistak ahozapiak plateren gainean jartzen ditu, nahita gaizki tolestuta, horien edukia nolabait ezkutatzeko eta artxiboko irudi horiek irudikatzeko duten ahalmena ezereztuz, historiaren gainean egiten diren manipulazioak nabarmenduz.

Analisi horretan aztertu egiten ditu gizarte egiturak barneratzeko moduak, bai eta modu horiek gure historia eta haren memoria(k) ulertzeko moduaren gainean duten eragina ere eta, horretarako, laneko egunerokotasunaren erretaula moduko bat dugu, langile klasea aldarrikatzen duen ikusezintasunaren monumentu bat, zeinak, aldi berean, faxismoak historia beretzat hartzen duela azaltzen digun.

Serie hau, erakusketa osoa bezala, oso egokia da une honetarako, kezka handia baitago gaur egun faxismoak Europan duen goraldiaren aurrean. Althusser-en "estatuaren aparatu ideologiko" horiek ez dira urruneko zerbait, ospakizunetan eta egunerokotasunetan ere ikus dezakegun zerbait baizik. Hortxe dugu ere Antonio Gramsci-k gogorarazten ziguna, hau da, kultura hegemonia zera dela, ahaltsuei mesede egiten dien konstruktu kultural gisa aintzatesten dena.

Horrela, azken obretara iristen gara: Gómezek beste kontakizun batzuk aldatzen eta eraikitzen jarraitzen du, praktikaren aniztasunarekin eta formalizazio eskultorikoarekin. Obra hiperrealista bat ikus dezakegu, besaurreak ukondo bakar batean elkartuta dituzten bi esku irudikatzen dituena. Esku batek altzairu herdoilgaitzezko erretilu bihurritu bati eusten dio; bestea, berriz, bere buruari eusten dion elementua da. Artistak, beste behin ere, dagokion zerbitzua betetzera behartuta dagoen langilearen gorputzaren absentziaz hitz egiten digu. Sisifo moduko bat da: zerbitzatutako mahai hori zerbitzatzen duen mahai bihurtzen da behin eta berriz. Haren bitartez, harremanetan jartzen gaitu eskultura serie batekin: aurretik ikusi dugunaren antzeko erretiluak ditugu, zeinetan artistak haien gainean esku hartze bat egin duen, beroa erabiliz, haien materialtasuna aldatuz.

Egitura horiek botereari zerbitzatzen diote eta, aldi berean, tolestu egiten dira, “anomalia” bilakatuz; azken obrekin lotuta daude, ready made eskultoriko horiekin. Ezustean elkartzen dira eta Gómezek hori baliatu egiten du, logika sozialak saihesteko eta eleberrian aipatzen diren elementu sinbolikoekiko lotura egiteko. Multzo osoan, egitura zirkular bat hedatzen da, Ivan Gómezek eskaintzen digun fabula moduko bat dena. Gómezek begirada ironiko bat proposatzen digu memoria historikoa(k) berrikusteko eta ulertzeko bestelako moduak azpimarratzen dituen eta jarrera ikonoklasta duen eskulturaren/monumentuaren ideiaren aurrean.

Testua: Blanca de la Torre

[Artista]
Iván Gómez (Irun, 1984) Arte Ederretan lizentziatu zen Universidad de Barcelonan (UB), eta Kubako San Antonio de los Bañoseko  Zinema Eskolan jarraitu zuen prestatzen. Ikerketa eta Sormen masterra egin zuen UPV/EHUn, eta han jarraitzen du ikertzaile lanetan.

Bere obrak ikusgai egon dira, besteak beste, MAMM museoan (Medellin, Kolonbia), Pärnu International Film and Video Festival-ean (Tallinn, Estonia), Vostell Malpartida museoan (Caceres), La Casa Encendida-n (Madril) eta Berlin, Brusela eta New Yorken. Hainbat sari irabazi ditu eta zenbait obra bilduma pribatuetan ditu.



Irudiak