2016ko azaroaren 01etik 2017ko urtarrilaren 08ra
Rekalde Aretoak, Amaia Gracia Azquetaren Stripped erakusketa aurkezten digu Kabinete Abstraktuan, barriek 2016 programaren barruan. Programa horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak sorkuntza artistikorako ematen dituen bekak jaso dituzten artisten lanak ematen dira ezagutzera.
ERAKUSKETA
Stripped da Amaia Graciak Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktura ekarriko duen azken erakusketaren izenburua. Hitz bakar bat, baina asko esaten duena, eta obrari zuzeneko jarreraz ekiten diona. Ingelesez, stripped hitzak biluztea esan nahi du, eranztea, ondotik kentzea; eta horixe egin du artistak. Haren aurreko obrak zuen lan-ildoa utzi, eta beste ikuspegi batetik lan egin. Erakusketa honi intimitatetik heltzen dio, eta bera baino ez da konplize haren prozesu horretan.
Bi urtez tailerrean ekoizten egon eta Kalostratik igaro ondoren, Amaiak erabaki zuen bere buruaren aurrez aurre jartzea, eta bere lanean benetan zer bilatzen ari zen ikustea. Estiloekin eta aldez aurre bururatutako ideiekin haustea, eta lanean hastea berriz, materiarekin lehen kontaktua izateko keinurantz.
Erakusketa honetako obra ez da proiektuko ideiaren emaitza; bere funtzionamenduaren beraren ondorioa da. Amaiak pieza bakoitza landu du, bere identitate-zentzuaren bila. Diskurtsoak ez du kentzen objektuak aurrez duen zati hori. Gorputzetik lantzen ditu objektuak: kurben sentsualtasuna konbexuetan, eta sedukzioa konkaboetan. Bere sorkuntza-prozesuko une desberdinetako irudiak aurkezten ditu, eta irudi horiek elkartuta esanahi berria eratzen dute.
Aldatzeko prozesuan artistaren begien aurrean, Pirinioetako paisaiako behatzailearen begiradatik ateratzen da, eta bere gorputzean, subjektu gisa duen entitatean jartzen du arreta. Behatzailea bere buruari begira jartzen da. Barrurantz doan begirada bat; haren isla da objektu eskultorikoa. Ikusten duguna ez da haren gorputzaren irudikapena, haren eskulturek irudikatzen duten iradokizun metaforikoa baizik. Pieza batzuetan gorputza guztiz agerian dago; beste batzuetan, berriz, material zeharrargiaren beloaren atzean agertzen da. Bi aldeek irudi bera osatzen dute, pieza.
Obra egiteko prozesua, haren erretinatik begiratzea da, intuiziozko bilaketan. Begiratu, hartu, biratu, eta espazioan jartzen du pieza, isilik eta bere gogoetan murgilduta. Begirada hori eta tailerrean duen zentzua kanpoaldeko paisaiara ere eramaten da, eta, hor, arkitektura naturaleko zati txikiak bilatu eta kamerarekin harrapatzen ditu, lan-estudioan aurkitzen duen plastikotasun bera ikusten eta sentitzen baitu bertan.
Iker Serrano
Bilbo, 2016ko iraila
ARTISTA
Amaia Gracia Azqueta Bilbon bizi da eta bertan lan egiten du. Arte Ederretan lizentziaduna da UPV/EHUtik; bertan ari da doktoregoa egiten gaur egun. Egonaldiko beka jaso du BilboArte ekoizpen artistikoko zentroan (2011), UPV/EHUko ikertzaileentzako prestakuntza-beka ere jaso du master amaierako proiektua eta doktoregoko tesia egiteko (2013), eta Madrilgo Colegio Francés-en Casa de Velázquez-en beka ere bai (2014).
2008an Jóvenes Artistas de Pamplona lehiaketako lehen saria eskuratu zuen (Ciudadela de Pamplona), eta, 2009an Jóvenes Artistas de Navarra, Encuentros lehiaketakoa. 2012an, Espainia-Frantzia-Andorra lurralde-lankidetzako programaren Frontera, espacio de cooperación saria irabazi zuen (Europar Batasuna), eta, hurrengo urtean, bigarren saria lortu zuen Bizkaiko artista berrientzako Ertibilen.
Haren azken erakusketen artean, hauek nabarmendu behar dira: Estado Líquido, Espacio Pirineos, Graus (2013), Memoria de una observadora, Festival Mapamundistas, Villaba, Nafarroa eta Centro de Arte y Naturaleza CDAN, Huesca (2014) eta La sublime, Espacio Marzana, Bilbo (2015). Horrez gain, erakusketa kolektibo askotan hartu du parte, besteak beste: Horizonte, Guggenheim Bilbao Museoa (2013), eta Regards de femmes, Casa de Velázquez, Madril; Estampa 2014, Matadero, Madril; eta Festival Mapamundistas, Iruñea (2014).