Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

Gema Intxausti

"... Meanwhile... rapture"

2013ko azaroaren 05etik 2014ko urtarrilaren 19ra

Pávlov-en hezitako txakurretik, Kafka-ren tratu txarreko txakurrera, hitz egitea posible ez denean eta zaunka egitea erotasun sintoma bat denean, zerbait guztiz ustelduta dagoela esan nahi du.
Gema Intxausti

Gema Intxausti (Gernika-Lumo, 1966), euskal artisten azken belaunaldietan izan den ahotsik pertsonaletako bat, Rekalde Aretoan izango dugu bere azken lana aurkezten: … Meanwhile… rapture, (… Bitartean… zoraldia). Lana metafora bat da, benetako eta gezurrezko zoraldiarena, minik etsienarena, hau da, hirarena, ezkontzarena, ekintza usurpatzailea den aldetik, idiotarena, esplotazioarena, malenkoniarena, ustekabeko krimenarena, mendekuarena, ustelkeria moralarena eta horrek duen gaur-gaurko bertsioarena, mobbing-arena. “Ustel usaina dario zerbaiti Danimarkan” (Something smells like Denmark) Hamleten aipu ospetsua erabiltzen du horretarako, pieza eskultoriko berezi batez irudikatuta.

Something smells like Denmark esaldiak duen irudikapen eskultorikoa itxuraz irregularra da, eta jarraipena falta zaio, Hamleten bakarrizketei gertatzen zaien bezala. Hamletek solasa eteten du, atsekabea adierazten du hitzez, eta, jarraian, adostasuna ere bai. Zailtasunak ditu zuzenean adierazteko, edo bere burua salatzen du hitz-jokoak eginez. Obraren amaiera arte, Hameltek ez ditu sentimenduak askatasunez adierazten. Pauline Kiernanek dioenez, “Hamletek agerian uzten du pertsonaia baten mintzairak, maiz, hainbat kontu esan ditzakeela aldi berean, kontrako zentzuekin, barreiatutako gogoetak eta sentipen nahasiak islatuz”.

Artistaren ustez, “antzerkiaren barruko antzerki horrek hurbil dagoen beste errealitate batera eramaten gaitu, hain zuzen, David Rosenhan psikologoak 1973an egin zituen esperimentuen errealitatera. Hamleten zoramenaren fikziotik, Rosenhan doktorearen eta bere lankideen zoramenaren fikziora eramaten gaitu, gaixo mentalen plantak egin baitzituzten praktika psikiatrikoak era kritikoan berrikusteko asmoz, eta, azkenean, instituzio horien kategorizazioak salatu baitzituzten. Esperientzia horiek Toki osasungaitzetan osasuntsu egotea liburuan jaso eta aztertu zituen, eta, hain zuzen, bilduma hori izan da proiektu artistiko honen abiaburua”.

David Rosenhan psikologoak 1973an argitaratu zuen On being sane in insane places (Toki osasungaitzetan osasuntsu egotea) azterlana, eta, bertan, sakonki kritikatu eta astindu zuen diagnosi psikiatrikoa.

Laing doktorearen teoriaren eraginez, Rosenhanek esperimentu bat egin zuen: zortzi lankidek ahotsak entzuteko plantak egin zituzten, Estatu Batuetako ospitaletan sar zitezen; ahotsak entzuteko hori kenduta, lankideek zituzten gainerako zantzuak ez ziren itxurazkoak. Pseudogaixoek izen eta lanbide faltsuak eman zituzten, baina ez zuten gezurrik esan datu biografikoei edo inguruabar pertsonalei buruz. Denak onartu zituzten ospitaletan, irakaslea ere bai, eta diagnostiko okerra egin zieten, gaixotasun psikiatrikoak zituztela esan baitzieten. Zehazki, haietako zazpik eskizofrenia zutela eta zortzigarrenak nahasmena bipolarra zuela eman zuten aditzera.

Pseudogaixo horiek, ospitaletan onartu ondoren, normaltasunez jokatzen hasi ziren, eta medikuei jakinarazi zieten ondo zeudela eta ez zutela haluzinazio gehiagorik. Hala ere, diagnosia era kritikoan berrikusi ordez, gezurra antzeman ezinean, psikiatrek behin eta berriz esan zuten pseudogaixoek benetako gaixotasun metalaren zantzuak zituztela. Batez beste hemeretzi egun eman zituzten barnean sartuta, denbora guztian antipsikotikoak hartzera behartuta.

Ospitalean sartu ondoren, ospitaleko langileak konbentzitu behar zituzten, beren senean zeudela ikusarazi, eta beren kabuz atera behar zuten kanpora. Hala ere, haietako inork ez zuen senda-agiria lortu, gaixo mentalak zirela zioen diagnostikoa onartu eta sendagaiak hartu zituen arte.

Aurkikuntzak jendaurrean aurkeztu zituztenean, ospitale psikiatriko batek erronka jo zion Rosenhani: pseudogaixoak ospitalera bidaltzeko, antzeman zitzaten. Rosenhanek erronka onartu zuen. Hurrengo asteetan, azken boladan iritsitako 193 gaixoetatik, ospitaleak 41 gaixo berri hartu zituen pseudogaixotzat, eta 42 baino gehiago jo zituen susmagarritzat. Hala ere, bigarren esperimentu horretan, Rosenhanek ez zuen inor bidali ospitalera.

Rosenhanen esperimentuaren bidez, argi jakin nahi zuten gaixoen zantzuak kategorizatu ahal ziren, eta ia kategoria horiek objektiboak ziren eta subjektuak adierazitako ezaugarriekin bat zetozen. Esperimentuen emaitza ikusita, Rosenhanek azaldu zuen diagnostiko psikiatrikoak behatzaileen jomugan zeudela, eta diagnostiko mentalak ezin itzulizkotzat jotzen zirela. Rosenhanek gogor salatu zuen egoera hori, alienatzailea zelako eta pribatutasunean indarrez sartzen zelako. Gainera, diagnostiko psikiatrikoak gogor astintzeaz gain, era kritikoan berrikusi zituen instituzio psikiatrikoen despertsonalizazioa eta etiketak.

Gaur egun, edozein izan daiteke pseudogaixoa, esate baterako, laneko mobbing-a dela-eta; izan ere, mobbing-ak duen bereizgarrietako bat da beste bat zoratuta dagoela dioen zurrumurrua pizten dela. Horrela, ankerki itxita bukatuko litzateke bat, diagnostiko okerra eginda, eskubiderik gabe utzita; eta medikuek, egoera horren aurrean, orain dela berrogei urte emandako erantzun bera emango lukete. Izan ere, tradiziozko praktika psikiatrikoek ikuspegi cartesiarra dute, eta XIX. mendeko ideietan daude oinarrituta. Haien erruz betikotu da zapalkuntza, gaixoa sekula subjektu bilakatzen ez duen, gaixoa beti objektu huts bihurtzen duen zapalkuntza. Subjektu-gaixoak ez du eskubiderik, ez da komunikazioko atal bat, ez baitago komunikaziorik. Izan ere, behatzailearen begirada eztabaida ezina da.

Pavloven txakurrarekin hasi eta gaizki tratatutako Kafkaren txakurreraino, txakurrek bezala irauten dugu bizirik. Subjektuaren diskurtsoa entzutea, bere zaunka edo amorrua entzun beharrean. Ahots-keinua maitatzea, beste baten existentziaz ohartuta aintzakotzat hartzen nauen soinua…

Ezin denean gehiago hitz egin, ez ahoskatuz, ezta ahoskatu gabe ere, eta zaunka egitea zoramenaren zantzua denean, orduan, ustel usain nabarmena dario zerbaiti, Danimarka usaina dario zerbaiti.

ARTISTA

GEMA INTXAUSTI azoka-egun batean jaio zen Gernika-Lumon, 1966. urtean. Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bertan lortu zuen lizentziatura 1990ean. Gero Zinema ikasi zuen, University College for the Creative Arts-en, Ingalaterran. Gaur egun, Edinburgon bizi da, eta bertan lan egiten du.

1989an Angel Badosen tailerrean hartu zuen parte; gero, 1992an, Pepe Espaliúren tailerrean esku hartu zuen; eta, 1996an, María Luisa Fernándezenean. Tailer horiek guztiak Artelekun izan ziren, Donostian. Bekei dagokienez, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiak Arte Plastikoak sortzeko beka eman zion 1994an, eta Eusko Jaurlaritzak bere beka eman zion 2000. urtean. 2001ean, Bilboko Arte Ederren Museoan izandako Gaur, Hemen, Orain erakusketan hartu zuen parte.



Irudiak
  • "...Meanwhile... rapture", 2013
  • "...Meanwhile... rapture", 2013
  • "...Meanwhile... rapture", 2013