Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Erakusketak

Egunekoak

Nicholas Nixon

2026ko martxoaren 02tik ekainaren 28ra


Nicholas Nixonen atzera begirako handiena da hau: ia 200 irudi, horietako hamar lehenengoz erakusgai, eta bost hamarkada baino gehiagoko ibilbidea zeharkatzen duen kontakizun bisuala. Nixonen begirada humanistak egunerokoa —maitasuna, intimitatea, zahartzea, mina edo zoriona— esperientzia unibertsal bihurtzen du, denon bizitzetan oihartzun egiten duen moduan.

Modetatik at eta ahots poetiko propio batekin, Nixonen lanak argazkigintza elkarrizketa eta memoria gisa ulertzen du. Formatu handiko kamerarekiko leialtasunak irudiak zorroztasun harrigarri batez betetzen ditu, errealitatea hain argi erakutsiz non batzuetan ia surreal bihurtzen den.

Erakusketak bere serie nagusien bidaia kronologikoa proposatzen du, eta tartean dira Brown ahizpen urteko erretratu ospetsuak. Guztien bidez, argi geratzen da Nixonen lanak etikaren, estetikaren eta bizitzaren arteko lotura etengabea bilatzen duela, eta ikuslea hurbiltasunaren, denboraren eta gure ahultasun partekatuaren inguruan hausnartzera gonbidatzen duela.

Fundación MAPFREk eta Sala Rekaldek antolatutako erakusketa.

Nicholas Nixon

Nicholas Nixon Detroiten jaio zen 1947an. Ingeles literatura ikasi zuen Michigango Unibertsitatean, eta, ondoren, 1974an, Arte Ederretako graduondoko ikasketak egin zituen, Mexiko Berriko unibertsitatean, Albuquerquen. Urte berean Cambridgera (Massachusetts) joan zen, eta han hasi zen argazkilaritza irakasten Bostongo Massachusetts College of Art ikastetxean, eta duela gutxira arte jarraitu du zeregin horretan.

70eko hamarkadaren erdialdean, haren lana New Topographics: Photographs of a Man-Altered Landscape erakusketaren parte izan zen, George Eastman House museoan. 1976an, lehen erakusketa indibiduala egin zuen New Yorkeko MoMAn, Bostonen egindako argazkiekin. Bi urte geroago, haren lana Mirrors and Windows: American Photography Since 1960 erakusketaren parte izan zen, Arte Modernoko Museoan. 2005ean, Nixonen erakusketa indibidualak hartu zituzten National Gallery of Art galeriak, Washington DCn, eta Cincinnati Art Museumek. 2006n, The Brown Sisters lana New Yorkeko MoMAn eta Texasko Modern Art Museum of Fort Worth museoan izan zen ikusgai.

Jasotako sariei dagokienez, hauek nabarmentzen dira: John Simon Guggenheim Memorial Foundation Fellowship saria (1977an eta 1986an jaso zuen) eta National Endowment for the Arts Photography Fellowship saria (1976, 1980 eta 1987).

1999an, New Yorkeko MoMAk katalogo bat argitaratu zuen, The Brown Sisters serieko lehen hogeita bost argazkiekin. Nixonek hainbat liburu argitaratu diu, besteak beste hauek: Photographs from one year (1983), Pictures of People (1988), People with AIDS (1991), School (1998), The Brown Sisters (1999); Nicholas Nixon (2003), Nicholas Nixon: At home (2004) eta Live Love Look Last (2009) eta Close Far (2013).

Nixonen argazkiak mundu osoko bilduma ospetsuenetako batzuetan daude, hala nola New Yorkeko MoMAn, Washingtongo National Gallery of Art galerian, Houstongo Museum of Fine Arts museoan, San Frantziskoko Museum of Modern Art museoan, Cambridgeko Fogg Art Museumean, Bostongo Museum of Fine Arts museoan edo Parisko  Maison Européenne de la Photographie zentroan.

(Irudiaren xehetasuna)

J.A., E.A., Dorchester, Massachusetts 2001
Colecciones Fundación MAPFRE Bildumak © Nicholas Nixon


NICHOLAS NIXON [PDF]

Irudiak