Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

Iranzu Antona

Dar encuentro

2014ko urtarrilaren 21etik martxoaren 02ra

Rekalde Aretoak Iranzu Antonaren (Iruñea, 1979) erakusketa aurkezten du, Bizkaiko Foru Aldundiaren sorkuntza artistikorako bekak eskuratu dituzten artisten lanak azaltzeko xedez abiarazitako barriek programaren barruan.

Dar encuentro izeneko erakusketan aurkezten dituen lanak eredu formalak batzeari buruzkoa da, elementuen konbinazioaren bidez gauza berriak sortzeari buruzkoa. Estiloen eta egiteko moduen nahasketa honek beste espazio batzuetan eta beraiek okupatzeko moduetan pentsatzeko aukeraraino eraman dezake forma. Iranzuk, bere lanean, modu ustez ausazko batean, turista batek bezala, hartutako irudiak modu esperimentalean erabiltzen ditu. Erakusketan argazkiak, bideo-proiekzio bat, beren-beregi egindako eskulturak eta in situ egindako esku hartze espazial bat daude, sortutako tabike berriekin; tabike horien bidez erakusleihoaren benetako espazioa aldatzen da, erakusketarako espazio aproposa sortzeko.

Argazkigintza turistikoaren osagai fetixizatzaileak, azkenean, sakratutasuna kentzen die arkitekturaren historian izan diren ikono handiei. Ikuskari bilakatutako irudi bihurtzean, berdindu egiten ditu New Yorkeko Lever House eta Grezia zaharreko aztarna tenplarioak. Argazkiek, eraikin guztiak hartzeko grina lizunak bultzatuta, traizio egiten diote beren egiturari, beren formak desitxuratzen dituzte. Kameraren begiradak etxe-orratzak bahitzen ditu, eta haietaz jabetzen da. Beste norabait eramaten ditu. Erreproduzigarritasun digitalaren dinamikan sartuta eta kontsumoko objektu bilakatuta, turismo globalizatuaren industriaren barruan.

Aretoan talka egiten dute bi paradigma formalek, gorputza eta inguruko espazioa ulertzeko bi moduk, testuinguru urrun eta desberdinei dagozkien bi ideologia eraikitzailek. Seagram Building diseinatzean, Mies van der Rohek arkitektura grekoaren hirualdeko ordena aipatzen du: harroinak atarte-lana egiten du, fusteak bulegoen erdiko atala hartzen du barne, eta kapitelak azkena ematen dio eraikinaren egiturari. Ezin da hausturarik egon, zitazionalitaterik ez badago. Eta modernotasuna kultura eurozentrikoaren zutabeen gainean eraikitzen da eta proiektu ilustratuaren lehen pitzaduren gainean finkatzen da.

Seagram, beharbada nazioarteko estiloko eraikinik enblematikoenetako bat dena, modernotasunari dagokion sistema kapitalistaren korporatibismoaren eta goraldiaren sinboloa da. Barrualdean, espazioak eta gorputzak banatzen dira. Barnean bulegoak hartuko dituzten espazioak, lan-emankortasuna lortzeko gizakien errendimendua programatzeko erabiltzen diren gelak.

Arkitektura diziplina gisa har dezakegu. Foucaulten arabera, arkitekturak, batez ere, espazioan banatzen dituelako norbanakoak. Tokiak esleitzen ditu, eta gorputzak, mailak eta haien artean ezartzen diren botere-harremanak antolatzen ditu. Ordenan jartzen du jendetza, norbanakoen berezitasunak gutxitzeko.

Zentzu askotan, gorputza gogoan erabiltzea da arkitektura guztien abiaburua, eta, hala, espazioaren kontzeptualizazioaren oinarri bilakatzen da. Zutabe grekoaren formak espazioari buruzko ikuskera antropozentrikoaren berri ematen digu. Era berean jokatzen dute zutabeen entasiak, entablamenduaren makurdurak edo gizakiaren begiradapean irudi perfektua izateko grekoek beren tenpluetan egin zituzten zuzenketa optikoek.

Gorputzak dei egiten dio subjektibotasunari, gogoratzen duten baina ez diren, ematen duten baina ez diren berrasmatutako eskultura-zatikiak bezala erakusketako espazioan agertzen diren beste forma batzuen desio formagabeari. Aurrekoek aipatzen dituzten formak, aipatzea¬rekin batera eraldatzen diren formak. Agian orain arte pentsaezinak edo imajinaezinak ziren formak.
Agerraldi honetan, estiloen eta egikeren nahasketa honetan, nola-halako muga batera eramaten da forma. Eztanda batera. Eta zerbaitek iradokitzen du bestelako espazioak erabili ahal direla gogoan, bestelako moduak espazioak okupatzeko eta/edo haietan bizitzeko, bestelako moduak haien barruan egoteko eta izateko.

Maite Garbayo Maeztu

ARTISTA www.iranzuantona.com

Iranzu Antona (Iruñea, 1979) Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Hainbat tailerretan hartu du parte, besteak beste, Falsos márgenes: mucho ruido y pocas nueces tailerrean, Txuspo Poyok koordinatuta Bilbao Arte Fundazioan (2010), eta Organigrama tailerrean, Ibon Aranberriren eskutik, Bartzelonako Tàpies fundazioan (2011). Iruñeko Udalak antolatzen duen Artista Gazteak lehiaketako lehen saria irabazi zuen 2007an, eta Nafarroako Gobernuaren zein Bizkaiko Foru Aldundiaren hainbat beka eta laguntza jaso ditu.

Bakarkako hainbat erakusketa egin ditu, hala nola, Los clásicos reconfortan, Iruñeko Ziudadelako Polvorín aretoan (2011). Taldeka, beste hainbat erakusketatan hartu du parte: Beldurrarentzat Beranduegi, Zuhar Iruretagoienarekin Egia erakusketa aretoan, Donostia (2008), Puertas Abiertas Residentes 2009, Bilbao Arten, eta Ertibil Bizkaia 2010 erakusketa ibiltaria, Bilboko Rekalde Aretoan inauguratua.



Irudiak
  • Iranzu Antona. Dar encuentro, 2014
    Iranzu Antona. Dar encuentro, 2014
  • Iranzu Antona. Dar encuentro, 2014
    Iranzu Antona. Dar encuentro, 2014
  • Iranzu Antona. Dar encuentro, 2014
    Iranzu Antona. Dar encuentro, 2014