2012ko martxoaren 20tik apirilaren 22ra
Rosa Parmak MGT/CT (Me gusta todo, copio todo), erakusketa aurkezten du, Bizkaiko Foru Aldundiak 2010ean emandako arte sorkuntza Bekari esker izandako ikerketa-aldian egindako lanekin.
Do it yourself (Egizu zuk zeuk) punkaren filosofia estetikoan sorburu duen mezu bat da, pizgarria izan zen hirurogeita hamarreko hamarkada inguruan, eta kultura garaikidea kutsatu zuen, goi mailako eta behe mailako kulturaren arteko zatiketa hautsi baitzuen. Eta hasiera batean musikako mugimendu alternatibo horren barruan sortu zen mezu hori azkar hedatu zen sorkuntzaren arlo askotatik, eta gauzak egiteko beste eredu eta beste molde batzuk aldarrikatu zituen, mainstream-etik kanpo zeuden moldeak.
Mugimendu feministekin lotura zuten emakume artistak izan ziren DIY (Egizu zuk zeuk) kulturako estrategia berriekin hobeki bat etorri zirenak, emakumeak begien bistan jartzeko eta haien jabekuntza lortzeko modu gisa baliatu baitzituzten. Nagusi zen kulturaren aurrez aurre jarririk, diziplinen artean mugituko zen jarrera bat aldarrikatzen zuten, hala taldeka nola banaka, askoz ere askeagoa eta bat-batekoagoa zen jarrera bat. Horretarako egin behar zen lanak ez zuen parafernalia handirik behar, baliabide soilak eta merkeak baizik, eta, era berean, azpiegitura izugarrien beharrik ez zuen, eta birtuositate teknikoa ere ez zuen gogoko.
Itxuraz baldresa zen estetika batez apaindurik, eta collage eta brikolajearen artean dabilen espiritua izanik ebaki eta itsatsi esaldiak islatzen duen hori, emakume artista askok jardute berri bat lantzeari ekin zioten: era guztietako irudiak bereganatu zituzten besteak beste, publizitatekoak, zinemakoak, musika eta komikikoak, argazkigintza edota prentsakoak, eta esanahiak berriz finkatuz, aipamenak eginez eta kontuak testuinguruan berriz kokatuz, istorio berriak kontatzen hasi ziren. Bideo eta performancearen esparruan goiz sartu arren, marrazkia izan da mugimendu honek erabili duen tresna nagusietako bat, ordura arte tradiziozko arte handiaren anaia txikitzat hartzen zena. Marrazki arina, azkarra eta zuzena da, aurreiritzirik gabekoa, batzuetan ironiaz eta umorez hornitua, eta berdin erabil daiteke fanzine bat egiteko zein kamiseta bat diseinatzeko.
Hala, Rosa Parmak Rekalde Aretoan aurkezten duen proiektuak, MGT/CT (Me gusta todo, copio todo) izenekoak, sormen-arloko estrategia horien ildoei jarraitzen die hein handi batean. Bestalde, aipatu behar da Bizkaiko Foru Aldundiak emandako sorkuntzako bekari esker egin dela proiektua. Paper gainean egindako marrazki eta metakrilato gainean landutako serigrafia hauen bidez, artistak berriz interpretatzen ditu bera liluratuta duten irudiak, eta era askotako euskarriak eta teknikak baliatzen ditu horretarako.
Rosa Parmak izenburuan bertan argitzen du bere proposamenaren zentzua, irudiz gainezka dagoen mundu batean, dena kopiatzen dut dena atsegin baitut eta dena atsegin dut esaldiek sexu-izaera baitute berarentzat, eta, pornografiaren esparrutik irudiak ateratzeaz gain, harremana eratzen baitu pornografia eta marrazkiaren artean. Pornografia alderdi publikoa eskuratzen duen jarduera pribatu bat da berarentzat, eta marrazkia, berriz, zeregin intimoa da, era berean ezagutzera ematen dena.
Irudiak etengabe sartzeko desira agertzen du, gero irudiak marrazteko; eta desira hori, gainera, beste lurralde batzuetara hedatzen da, pornografiaz harantz doan eremu batera. Artistak honelaxe dio: erakargarri egiten zaizkidan irudiak marrazteko gogoa pizten zait, irudi horiek neureganatzeko modu bat baita hori. Hargatik, era askotako argazki mordo baten biktima naiz, eta modako aldizkariena ere bai, oro har artearen munduaren edo, besterik gabe, nire interesa pizten duten filmetatik ateratzen ditudan fotograma ederren biktima. Terry Richardson eta Nan Goldinen lana erabiltzen dut eredu gisa, baina baita Richard Kern, Sadie Benning eta Harmony Korineren lana ere, bakan batzuk aipatzearren.
Jorge Núñez de la Visitación
Rosa Parma (Barakaldo, 1979) Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatetik. Arte eta modaren arteko harremanaz interesa duen artista eta diseinatzaile honek bere kamiseta-marka sortu zuen 2009. urtean, Riot Flesh izenekoa, eta Jet Lag Bio 2010eko Mapa Moda irabazi zuen harekin, eta Ego Cibeleseko Showroom-ean parte hartu zuen 2011n. Bestetik, Ikerketa eta sormena artean doktoregoko ikastaroa egin du EHUko Arte Ederren Fakultatean, eta Bizipenei buruzko dialektikak eta bat-bateko estetika. Artetik publizitaterantz izeneko proiektu teorikoa garatu du bertan. Hor, Dash Snow eta Corinne Day argazkilariak aztertu ditu, besteak beste, eta Ikasketa Aurreratuen Diploma eskuratu du horren bidez. Orain, informazioa jendarteratzeko plataforma bat eraikitzen ari da, agertzen ari den T-festa (Art T-shirt Festival) arte berriaren eszenan, eta, horren bitartez, zirkuitu bat sortu nahi du, arte eta moda bateratze aldera.