2009ko maiatzaren 14tik irailaren 06ra
Komisarioa: Fernando Golvano
2009ko maiatzaren 14tik aurrera, 70eko hamarkadako Laborategiak. Poetikak / politikak eta modernitatearen krisia hirurogeita hamarreko hamarkadako Euskal Herrian izeneko talde-erakusketa izango da ikusgai rekalde aretoan. Erakusketak izaera dokumentala du, eta haren komisarioa Fernando Golvano da. Bertan, hainbat esparrutako sortzaileen esperientzia berritzaileak bildu ditugu. Esperientzia horiek hirurogeiko hamarkadan izan zuten abiaburua, Euskal Eskolari eta Iruñeko Batzarrei loturik, eta, azkenean, Francoren diktaduraren azken urteetan arte- eta kultura-arloan izan zen egitura konplexua sorrarazi zuten. Ekimen horiek talka egiten dute abangoardiaren eta herri-artearen artean, nazionalismoaren eta internazionalismoaren artean; baina, aldi berean, bat egiten dute, magma soziokultural oparo bat sorraraziz, eta era askotara ematen dira aditzera: talde eta manifestu berriak sortuz, musikako jaialdiak, happening-ak, aldizkariak, txartelak eta bestelakoak eginez.
Hirurogeita hamarreko hamarkadan, oso ekimen bereziak azaldu ziren arte- eta kultura-arloan, eta ekimen horiek, aldi berean, norbanakoen eta taldeen disidentzien multzo bikaina izan ziren. Multzo sozial hura oso sortzailea zen, ihardukitzeko gogoz jardun zuen Francoren diktaduraren aurka, eta, haren bidez, era askotako trukeak egin ahal izan ziren. Gainera, 1976. urtetik aurrera, askatasuna onartzen zuen erregimenera igarotzeko trantsizio politikoaren testuinguru berrian, ekintza artistikoaren eta politikoaren beste molde asko azaldu ziren. Poetika berri horiek adierazteko, programa ludikoak, satirikoak, ironikoak, esperimentalak edota nihilistak erabili ziren. Ildo horretan, era askotako adierazpenak, aldizkariak, musika-jaialdiak, batzarrak eta bestelako ekitaldiak izan ziren, esparru desberdinetakoak ziren sortzaileen artean zeharkako esperientziak pizte aldera.
Era horretan, hirurogeiko hamarkadan Euskal Herriko artearen egitura abangoardista berritu zuten Jorge Oteiza, Agustin Ibarrola, Eduardo Chillida, Nestor Basterretxea, Rafael R.Balerdi, Amable Arias eta beste sortzaile batzuek bat egin zuten artisten eta frankismoaren aurkako militanteen beste belaunaldi batzuekin, eta gizarte- eta herri-izaerako ekimen ugari sortu zituzten. Molde berriak azaldu ziren asaldatzeko eta propaganda egiteko, arte- eta kultura-arloko era askotako ekintzak egin ziren, eta, azken batean, modu desberdin bat sortu zen jasoa edo landua zena eta herrikoa zena uztartzeko. Era horretan, laborategi sozial kritiko batzuk eratu ziren, eta horiek zabaldu egin zuten berariazko beste laborategiek egindakoa, horietan sortzaile bakoitzak esperimentazioa egiten eta mintzaira artistikoak berritzen jarduten baitzuen.
Erakusketa honetan ibilbide bat egin dugu urte haietatik, eta orduko aztarna materialak, irudizkoak eta intelektualak bildu ditugu, une hartan azaldu baitzen bat-batean modernitatea. Obrek eta agiriek bizkor zihoan denboraldi haren eta orduko tirabira kritikoen memoria zatikatua erakusten digute, nazioarteko testuinguruko arte- eta kultura-esparruei irekita egotean izandako harremanen ondorioz eraldatuta zegoen memoria. Iruñeko Batzarrak (1972), esperimentazioa eta mintzaira poetikoen eta soinu-, ikusmen- eta film-arloko mintzairen berrikuntza, asaldatzeko eta propaganda banatzeko jarduera berriak, elkarrekintza sortzaileak eta berritzaileak bultzatu zituzten kulturako aldizkarien argitalpena, lankidetzako dinamikak, eta instituzioen esparruan azaltzen hasiak ziren ekimen berriak. Laburbilduz, orduko testuinguru hartan txertatu ziren era askotako poetiken / politiken konstelazio oso bat izan zen. Hala, bada, Euskal Herriko hirurogeita hamarreko hamarkadan egindako ekintza geroratu bat azaltzen da, eta memoria ikertzen da, nostalgiarik gabe eta denboraldi hartako giro bereziarekiko kontzientzia kritikoa izanda, imaginario disidente eta utopiko batzuk, eta arte- eta kultura-arloko sorkuntzak ekintza politikoarekiko harremanetan dituen anbibalentziak aztertze aldera.
Erakusketa honek izaera dokumentala du batez ere, eta Oteizak bateratzen duen ardatz bikoitzaren inguruan dago antolatuta. Izan ere, ibilbidearen atarian, Oteizaren Odiseo eskultura (1975) dugu, hau da, forma poetiko berrien eta esanahi mitiko eta politiko berrien sortzailetzat hartzen den artistaren erretratua.
1. Laborategia: Ekintzako artea eta poetika / politika berriak. Lehen laborategi honetan, honako gertaera hauek nabarmenduko ditugu gehienbat: Iruñeko Batzarrak (1972), ekintza eta imaginario feministen agerpena, agit-popa eta artisten lankidetzak (ekologia, euskara, amnistia eta abar). Horrez gain, honako hauek egongo dira laborategian: Cloc (1978-1981), Euskadi Sioux (1979) eta POTT (Bilbo, 1978-80) argitalpenak, Txomin Barullo taldea (1977- ), Taller de Aya tailerra (1975-1986), Amable Ariasen liburutegia, eta Vicente Ameztoy, Fernando eta Vicente Roscubas, Mikel Díez Alaba eta José Ramón Morquillas, besteak beste.
2. Laborategia: Ekintza murriztua eta mintzaira esperimentalak. Bigarren laborategiaren ardatza Jose Luis Isasak eta Enkoari taldeak egiten duten soinu-esperimentazioa eta musika elektroakustikoa da, baina, era berean, arreta emango diegu ikusmen-arteei eta zinemari. Ildo horretan, honelako egileak hautatu ditugu horren ordezkaritzan: Jose Julian Bakedano, José Antonio Sistiaga, Rafael Balerdi, Javier Aguirre, Iván Zulueta eta Juan Carlos Eguillor. Bestalde, poesia esperimentalaren esparruan, Joxean Artze, Amable Arias, Ricardo Ugarte eta Pedro Manterolaren lana aztertuko dugu, besteak beste.
Laborategia egiteaz batera, mahai-inguru batzuk egongo dira, eta, era horretan, hirugarren laborategia eratuko da:
3. Laborategia: Ekintza geroratua eta modernitatearen / postmodernitatearen krisia. Laborategi honek dimentsio teoriko-kritikoa du, eta mintegien bidez egingo dugu. Mintegietan, ahalegina egingo dugu jardute poetiko-politiko berrien genealogia aztertzeko, eta, horretarako, gertaeren eta ekintzen artxiboa gaurkotuko dugu. Bestalde, ahalegina egingo dugu azaleratu diren berariazko forma modernoak eta haien garapen kritikoak azaltzeko. Mintegi horietan, era honetako gaiak landuko ditugu, besteak beste: tokiko-nazioko eta nazioarteko testuinguruen artean dauden modulazioak eta interferentziak, poetika abangoardistak eta politika horiek nortasunari lotutako gaiekin eta herri-izaerako gaiekin nola teilakatzen diren, bultzada utopikoa eta balio demokratikoak, egiletasunaren formak eta arteen instituzionalizazioa.
Katalogoa
70eko hamarkadako Laborategiak. Poetikak / politikak eta modernitatearen krisia hirurogeita hamarreko hamarkadako Euskal Herrian izeneko erakusketa dela-eta, rekalde aretoak katalogo bat emango du argitara, eta, bertan, hainbat egilek egindako testuak jasoko ditu. Honako hauek dira egileak: Fernando Golvano (erakusketako komisarioa), Alvaro Gurrea (Txomin Barullo taldeko kide sortzailea), Jose Ramón Morquillas (artista), Santos Zunzunegui (EHUko katedratikoa), Simón Marchán (estetikako katedratikoa), Joseba Zulaika (antropologoa), Maria José Belbel (teorialaria) eta Xabier Laka (eskultorea eta EHUko irakaslea). Argitalpenean, Begoña Zuberok egin dituen instalazioko argazkiak jasoko dira.
Antolatutako ekitaldiak
Mahai-ingurua. Ekintzako artea eta poetika / politika berriak. Hizlariak: Bitor Alllende, José Ramón Morquillas, Xabier Sáenz de Gorbea.
2009ko maiatzaren 21a, osteguna, 19:00 h
Mahai-ingurua. Ekintza murriztua eta mintzaira esperimentalak. Hizlariak: Fernando Golvano eta Santos Zunzunegui.
2009ko maiatzaren 28a, osteguna, 19:00 h
Mahai-ingurua. Gaur egungo begirada bat iraganari. Arte garaikidea eta modernitatearen krisia. Hizlariak: Miren Jaio, Txomin Badiola eta Carles Guerra.
2009ko ekainaren 18a, osteguna, 19:00 h