Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Erakusketak

Aurrekoak

Helena Goñi

Tell me how close we are to a riot

2017ko urtarrilaren 10etik martxoaren 05era

Rekalde Aretoak, Helena Goñi-ren erakusketa aurkezten digu Kabinete Abstraktuan, barriek 2017 programaren barruan. Programa horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak sorkuntza artistikorako ematen dituen bekak jaso dituzten artisten lanak ematen dira ezagutzera.

Riot-a azal bizian
Julia Morandeira Arrizabalaga

This is moshing in New York City. Young people out on the floor. Tell me how close we are to a riot” (Hauxe da moshinga, New York Cityn. Gazteak zoruan botata. Noiz hasiko ote dira istiluak?). Phil Donahueren hitzak dira, Estatu Batuetako telebistako aurkezle ezagunarenak. 1994. urtea zen, eta saioko hizpideak pogoak, stage diving-a eta garai hartan metal-kontzertuetan zabaltzen ari ziren beste jokamolde batzuk ziren. Saio hartara metal eta grunge estetikako gazteak eta Marilyn Mansonen taldea gonbidatu zituzten. Aurkezlea galdezka hasi zitzaien, bai eta aurrean eserita zeuden ikusleak ere: biolentzia-salaketak, izu-hitzak eta ikara-soak; akusatuen aulkian, “gazteak” beren burua defendatzen. Halako jarrera-talkak ohikoak ziren The Phil Donahue Show saioan. Izan ere, ikusleek parte hartzen zuten lehen talk show-a izan zen; gai jakin baten inguruko eztabaida-saioak izaten ziren, eta sarritan ika-mika gogorrak sortzen ziren kontserbadoreen eta liberalen artean. Guztiz nabaria da nola saio haien egiturako osagai guztiak (gonbidatuak eta ikusleak aurrez aurre jarrita; gidoia; txaloak) xede baterako pentsatuta zeuden: bi talde sortzea eta arerio amorratuak bezala mokoka aritzea. Donahuek dio, hitzez hitz, pogoa infernua dela lur gainean, eta horren argigarri sudur odoleztatuak ikusten diren bideo lausoak erakusten ditu; gainera, gonbidatuak xaxatzen ditu indarkeriaren inguruan hein berean etorkor, sentsazionalista eta moralista diren galderak eginez. Akusatuek beren burua defendatzen dute: esaten dute kontsumitzen duten kulturaren kontraesanei aurre egiteko moduak direla, antsietatea askatzeko eta erasokortasunean elkarrekin egoteko moduak; gainera, ba omen dago arreta ere: Batek dio: “If you fall, someone will come and pick you up. You are not alone” (Jausten bazara, baten batek jasotzen zaitu. Ez zaude bakarrik). Haien arabera badago modu bat talde jakin batekoa izateko: zoriontasunaren estandar liberalak, etengabeko adostasuna, gizartea arautzeko zaletasuna eta mindfulness plantak egiten dituen berekoikeria onartzen ez dituztenen taldekoa. Horren ordez elkarrekin egoteko modu hauskorra aldezten dute, ezinegonetik nahikoa daukana, une batean badena eta hurrengoa balitekeena ezerezean azkentzea. Elkarretara biltzeko modu honek berekin dakar onartzea norbera zaurgarri gerta daitekeela besteen aurrean: “If someone gets hurt in the process, then be it. It’s part of the territory” (Norbaitek zauriren bat jasaten badu, hala behar du. Horrelakoxea da gure kontua) aitortzen du beste batek.  Izan ere, onarpen horrek zaintza eta konfiantza eremua eratzen du, “forming a trust betwen them that can’t be formed in other places” (konfiantza sortzen da haien artean, beste inon sortu ezin dena). [Disclaimer: Ez da indarkeria inolako kritikarik gabe ontzat emanez goraipatzea, baizik eta elkarrekin bizitzeak dakartzan ondorioak onartzea, ezinbestekoa den bezala]. Hala ere, Donahuek adierazpen horiek gaitzesten ditu eta estereotipo naïf-ari ekiten dio: gazte axolagabeak dira, gaztea izatea beste hersturarik ez dutenak; klixe horrek eztabaidarako aukera guztiak zapuzten ditu eta bazterrera igortzen ditu gazteria galduta dagoela eta nihilista, bortizkeria zalea eta alienatua dela ez dioten ahots guztiak. Funtsean, gizarteratzeko modu bat bakarrik aldezten eta goraipatzen du, modu “ona”, gatazkarik sortzen ez duena. Nola egon gaitezke elkarrekin erasokortasunean, nola zaindu elkar bortizkerian? 

Helena Goñik Tell me how close we are to a riot izenburua ezarri dio gai hauek guztiak ukitzen dituen erakusketari; egin ere, gaiok ukitu ez ezik, beste toki batera ere eramaten ditu. Pogoa egun argitan, Bilboko Arte Ederren Fakultatearen eraikinaren atzealdean. Bilboko Zazpi Kaleetako Iturribide kaleko taberna bateko komunaren erreprodukzioa; Vulk-en emanaldi batean artistaren estudioan egindako pintadez estalita dago, eta orain eskultura bihurtu da erakusketa-aretoan. AEBetako telebistako aurkezle baten mehatxu-esaldi iraingarria, erakusketaren izenburua. Kagadero taldeak eman zituen bi kontzertuetako baten posterra, hamar urte geroago zutabe baten azalera osoa estali arte berregina. Lau lerradura gertatu dira hemen, reenactment deritzonaren logikaren eskutik, gizarteratze erradikalaren laborategiak sortzeko, adiskidetze eta kidetasun sareak eratzeko, konspirazio bat antolatzeko. Pogoa, komuna, tatuajeak, txupak eta gainontzeko irudiak ez dira soilik inguruabar jakin baten, adiskide talde bateko kidetzaren eta hiri kultura baten berri ematen duten elementuak, estiloa eta nortasuna adierazten dituzten elementuak. Lerratuta eta nahasita, gizartearen aurreiritzien eta interpretazio sinplisten kontra egiten dute, eta denen artean intimotasuna eta adiskidetasuna islatzen dituzte, eta horiek dakarten iluntasuna ere bai. Stephano Harneyk eta Valentina Desiderik diote gizarteratze erradikalaren funtsa ez dela adiskidetasuna, ez maitasuna, ez begikotasuna, ez eta hiperkonektibitatea ez logistika ere. Esperimentua da, gure artean eta gure aurka egina beste batzuekin eta beste batzuentzat; gizarteratzeko modua (gizarteratzea bera bainoago) etengabean asmatzean datza, oinarrian gizartearen aurka egoteak dakarren arriskua harturik, elkarrekin konspiratzen ibili arren. Horixe da Helenaren argazkien xedea: asmatzea elkarri laguntzeko modu berriak, atezuan egonik adiskidetasuna sortzeko tresnak (tresna hauskorrak), euskarriak izanik ere babesgabezian uzten gaituztenak. Eta zaintza, ukimena eta kontaktua lantzen dituzten keinu asko. Horregatik ikusten da hainbat azal argazkietan, hainbat esku eta besarkada; eskuak elkarri atxikita, katea bezala, zutik egoteko; zangoak  han-hemenka, gurutzatuta; besoak laztanka, eta azal ugari, ukitzen eta ukitzen uzten. Forma horietan arlo kolektiboa eta arlo pertsonala nahasita eta kutsatuta agertzen dira, nolabaiteko oreka eratzen dutela gelaren erretratuaren intimotasunaren eta Bilboko paisaiaren zabaltasunaren artean. Forma hauetan lurralde berria marrazten da denok ulertzen dugun sentsibilitate batez baliatuz.

Gainera, erakusketa hau argazkigintza-esperimentazioko laborategia ere bada. Helenak denetariko formatuak eta teknikak erabiltzen ditu: bat-bateko argazkiak, argazki digitalak eta (batez ere) analogikoak, erretratu-enkoadraketa tradizionalak eta ez hain tradizionalak, txupaz eta blue-jeanez eratutako natura hilak, errepikatutako inprimaketak eta proba-kopiak. Jardunbide hau metagarria da nolabait, ia irenslea. Kasu honetan argazkiak hainbat ikasketa-prozesuren adierazgarri dira. Izan ere, agiritegia bezalakoa da, funtsean, eta bertan argazkilariak bere esplorazio teknikoa, hainbat adierazpideren arteko tirabirak eta berezko lengoaia baten berrespena erregistratzen ditu. Eta pentsatzekoa da esperimentazio pertsonalerako laborategia ere badela. Argazki hauek dokumentatzen nola aurkitu duen Helenak bere jaioterria eta nola elkartu den berriz ere bere adiskideekin Londresen urte bi eman ondoren; argazkien bidez egunean ipini ditu bere oroitzapenak eta bere nahiak: erraz ezagutzen dira serieetan eta urteetan zehar hazten ari diren adiskideak, bai eta itsasoko zeruertza eta Abrako kai-muturrak eta garabiak ere (Areetan jaio garenok egunero ikusi ohi duguna). Baina beste toki eta zaletasun batzuk ere islatzen dira, beste geografia bat. Onarpen adieraduna, kamerak ez baitu jasotzen argazkilariaren eta erretratatuaren arteko aurkakotasuna, baizik eta konplizitatea. Hemen kamerak eta begirakuneak beste gauza batzuk ere egiten dituzte: ukitu, laztandu, haztatu eta ezagutu egiten dute argazkiaren azaletik, begira eta jagoten ari den begitik. Argazkigintza, beraz, sentsorea da, eta bere ingurunera estetizatuta dago; bere zentzumen-gaitasunari esker inguruneko harremanak eta eraginak detektatzen eta erregistratzen ditu, eta erantzun egiten du. Gaur egun sentsibilitatea erabat hondatuta dago bizitzaren prekarizazio orokorraren ondorioz; bada, egoera honetan, sentsibilitatea suspertuko duten irudi berriak eta gizarteratzeko modu erradikala proposatzen duten formak asmatzea guda politikoa. Riot-a azal bizian.

ARTISTA www.helenagoni.com

Helena Goñi (Bilbo, 1990) Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretako ikasketak egin ondoren Londresera joan zen eta han argazkigintza masterra egin zuen Londresko Arteen Unibertsitateko Central Saint Martins eskolan. 2015ean graduatu zen eta ondoren, urte bereko ekainean, bere lehen erakusketa egin zuen banaka, Bilboko Cosmos galerian; Tourniquet proiektua aurkeztu zuen. Bizkaiko Foru Aldundiaren ikus-entzunezkoen arloko beka bat lortu zuen Behind blue eyes proiektuarekin aurrera egiteko 2015eko urritik 2016ko ekainera arte; hori dela eta, Bilbora itzuli zen berriro.

Proiektu horrekin saria (argazki-liburua argitaratzea) irabazi zuen Género y Figura lehiaketaren lehen edizioan (Madril), eta garailea izan zen Barakaldo Foto Festival lehiaketaren I. edizioan eta GetxoArte lehiaketaren 2016ko edizioan ere. 2017ko urtarrilean obra batzuk hautatu eta erakusketa bat antolatu du Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan, Tell me how close we are to a riot (Noiz hasiko dira istiluak?) izenburuarekin