Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Erakusketak

Egunekoak

Ignacio Goitia

2019ko urriaren 25etik 2020ko urtarrilaren 26ra

Erakusketa honen xedea Ignacio Goitia (Bilbo, 1968) artistaren obra piktoriko osoa ezagutzeko ibilbidea egitea da, hau da, bere hasieratik oraintsueneko lanetaraino. Erakusketaren aurkezpena kronologikoa da eta artistaren sorkuntza-aldi guztiak azpimarratzen ditu, eta baita azken 30 urte hauetan esploratu dituen gai guztiak ere.

Artistak berak diseinatutako eta komisariatutako eszenaratze zaindu eta eszenografiko baten bidez, erakusketak Rekalde Aretoa okupatzen du bere obrarik garrantzitsuenetariko batzuekin, bilduma partikular eta erakunde-bilduma desberdinetatik bildutakoak. Horrela, ikusleari 1988tik gaur egun arte jorratutako gaiak, aldiak eta bere lanaren funtsezko gakoak ezagutzea proposatzen dio.

Erakusketa bidaia handi baten isla da edo, hobeto esanda, bere Grand Tour berezian egindako bidaia askoren isla. Izan ere, artistak ez dio mugitzeari, galderak egiteari eta aurreratzeari utzi arkeologo garaikide baten modura, bizitza-esperientzia aberasgarrien eta bere sormenak kokatzeko agertokien bila.

Bidaia aretoan sartu aurretik hasten da, kalean, erakusleihoa esku-hartze iradokitzailea bihurtzen delako -Bergdorf and Goodman bezalako New Yorkeko saltoki handietako batzuen erakusleihoetan inspiratuta-, non arte garaikidearen munduaren faltsutasunaren edo ilusioaren inguruan hausnartzen duen. Goitiaren koadro bat islatzen duen tableau vivant baten antzekoa da eta pertsonaiek barnealdetik ibiltzera eta obraren parte izatera gonbidatzen gaituzte.

Atzetik ikusita, itzal txinatarren antzoki bihurtzen da, Dot Fifty One Galerian (Miami, 2018) erakutsitako hormetako paper pintatuekin lotzen dena. Multzo horrek gogorarazten du Mendebaldeak mendeetan zehar Txinarekiko izandako distantzia, bere begietara leku urruna, exotikoa edo dotorea zena. Gainera, markoen gainean ikus daitezkeen hashtagen bidez –#madeinchina #globalization...–, azpimarratu egiten du herrialde horrek azkenengo urteetan emandako bira eta horrek munduko ekonomian izan duen eragin ikaragarria.

Hall-a kutxa eszenografiko handia bihurtzen da, Barrokoko antzoki-dekoratuen antzera. Atlanteen talde bat bere buruarekiko bihurrikatu egiten da, gizarte-aurreiritziez askatzeko asmoz, eta erakusketarako bidea erakusten digu. Irudiek topiko literarioetatik ateratako hiru ikur islatzen dituen frisoen segida bat eusten dute, horiekin, artistak denboraren igarotzea eta norbanakoaren gizarte-irudikapena gogorarazi nahi ditu:

THEATRUM MUNDI (Munduaren antzokia): azaltzen du mundua edo existentzia bera antzezlan bat bezala eratzen direla eta, horretan, gizakiak etengabe hartzen dituela rol desberdinak, aktore batek obra batetik bestera paperez aldatzen duen bezala. Hau da, islatu nahi du gizartean ez dela garrantzitsua norbanakoa nor den, baizik eta besteek berari buruz egiten duten gizarte-irudipena.

HOMO VIATOR (Gizaki ibiltaria): horren arabera, bizitza aldatzen eta arazten gaituen bidaia bat da, pertsona jakintsuagoak eta helduagoak bihurtzen gaituena zenbait esperientzia eta desengainu jasaten ditugun heinean.

VITA FLUMEN (Bizitza ibai gisa): erreferentzia bat giza existentziaren izaera jariakorrari, itsasoarekin bat egin arte gelditu gabe aurrera egiten duen ibai bat bezala.

Erakusketa bere azkenengo obrarekin hasten da, Alegoría del esfuerzo, 2019, desiratzen ditugun helburuak lortzeko zailtasuna islatzen duena. Koadroarekin batera, artistaren lehenengo autorretratuetako bat ikus dezakegu, unibertsitate-urteetan egindakoa.

Ibilbidea lehenengo garaiko koadroekin hasten da, non protagonistak jauregi-inguruetan kokatutako jirafak diren. Hemen hausnartzen du sinbologiari, semiotikari eta arkitektura handiek ezarritako botereekin duten harremanari buruz. Hain dira hotsandikoak, non ematen baitu eraikuntza hauek animalia lirain hauek hartzeko diseinatuak izan zirela.

1991n, Goitia lehenengo aldiz joan zen San Franciscora eta Folsom Street Fair ezagutu zuen, hiriaren erdigunean bertan eta aire zabalean egiten den leather (larruzko estetika) jaialdi ospetsu bat. Jaialdian, eguneko argian desinhibiturik agertzen zen kolektiboaren naturaltasunak eta errespetuak liluratu zuten eta Recuerdos de Folsom serieari ekin zion. Serie horretan, estetika horren berezko jantziekin agertzen diren pertsonaiak naturaltasunez islatuta daude eguneroko bizitzako eszenetan eta integrazioko egintza irmo batean.

Jarraian, Goitiak gorteko areto bat islatzen du, hormak estaltzen dituzten paper pintatuekin, boiserie antzera; izan ere, horiek bere koadroak markoztatzen dituzte bertan margotutako jauregi-aretoen handitasuna nabarmenduz. Historian zehar, arteak zenbaitetan jardun du modan zeuden gizarte-jarreren eta jokabideen ispilu gisa. Goitia ideia horretatik abiatzen da bereganatze historiko sinboliko bat egiteko, hain zuzen ere, conversation pieces (elkarrizketa-erretratuak edo elkarrizketa atseginak) izenekoen generoari buelta emanez. Genero hori XVIII. mendeko pinturaren berezko genero bat da eta Goitiak imajinatu egiten du nola izango zatekeen gizadia XX. mendearen aurreko pinturak hain konbentzionalak ez diren jokamolde horiek erakutsi izan balitu.

Hurrengo aretoan, urbanismoa da ardatz nagusia, Goitia hiri-trazaduren azterlanaren zalea delako, horiek boterearen irudikapenera helaraztearen zalea eta inozoak ez diren hirigintza-planen atzean dagoen horren guztiaren zalea ere bai. Hori gertatzen da immigrazioari buruzko obretan, dromedarioak ahulenen immigrazioaren alegoria direlako eta jantzi garestiak daramatzaten elefanteak mugak irekitzeko dagoen irizpide bikoitzaren metafora. Hau da, horrek islatu nahi du ate-joka dabilenak botere ekonomikoa duenean desberdin jokatzen dela. Hiri-trazadura agertzen da, globalizazioaren aurrean, folklorea tokiko identitatea defendatzeko modu gisa nabarmentzen duten eszenen atzean.

Atlanteak dituen paper pintatuaren aretoan, konposizio desberdinak nahasten dira, arkitektura handien artean gertatzen direnak eta erlijioaz, bereizketaz, maitasunaz eta gerraz hitz egiten dutenak.

Azkenik, Goitiak 2018an Frantziako Loira Harana eskualdeko château batean margotutako jangela bateko sabaiaren argazki-erreprodukzio bat aurkezten da. Pinturak jabeen familia-historiaren erreferentziak erakusten ditu oroigarri indiarrekin.

ARTISTA        www.ignaciogoitia.com

Ignacio Goitia (Bilbo, 1968) Bilbo eta Miami artean bizi da eta lan egiten du. Pinturan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean eta, unibertsitate-ikasketak egiten zituen bitartean, zenbait prestakuntza-ikastaro burutu zituen Florentzian, La Habanan eta Norwichen (Ingalaterra).

2006an, Frantziako Kanpo Arazoetako Ministerioaren beka ospetsua jaso ostean, egonaldi luze batez gozatu zuen Pariseko Cité Internationale des Arts zentroan. Denbora horretan, Frantziako hiriburua bideo-sorkuntzen seriearen agertokia izan zen eta, orain, Rekalde Aretoan lehenengo aldiz erakutsiko dira sorkuntza horiek.

Bere 30 urteko ibilbidean zehar, erakusketa ugari egin ditu Bilbon Juan Manuel Lumbreras galeriarekin, baita Madrilen, Miamin, Parisen, Bordelen, New Yorken, Monterreyn, Arnhemen edo Bruselan ere. Halaber, 2020rako, erakusketa berriak ditu programatuta Sevillan, Milanen, Erroman eta Lisboan.