2014ko urriaren 23tik 2015eko urtarrilaren 25era
Komisarioa: Nuria Enguita Mayo
Rekalde Aretoak, Fundación MAPFREk antolatutako Lynne Cohen (Racine, Wisconsin, 1944 - Montreal, 2014) argazkilariaren erakusketa aurkezten du. Lynne Cohen argazkilariaren begirada bereziaren bilakaera islatzen duten 78 argazki bildu dira erakusketan. Aukera ezin hobea da ikusleentzat, Cohenek erretratatu zituen espazioak bisitatzeko, barnealdeetan bizi ziren pertsonaia ikusezinen istorioak eta bizipenak irudikatuz egindako argazkiak ikusteko.
Lynne Cohenek ia mende erdia eman zuen argazkigintzako praktikaren abangoardian. Bere lanen bidez, ikusleak aukera izango du artistak bere ibilbide zabalean barrena aurkitu zituen lekuen barnealdeak ikusteko: espazio intimoak lehenik esate baterako, bere auzokoen egongelak, dantza-aretoak, klub pribatuak, ikasgelak eta spak gero, eta sarbide murriztuko espazioak azkenik adibidez, instalazio militarrak, laborategiak eta tiro-eremuak. Espazio horien erretratua egitean, Cohenek sekula ez zuen pertsonarik jaso: artistak zioenez, ez zekien non kokatu. Hala ere, gizakiaren agerpenaren arrasto nabarmenak suma ditzakegu, adibidez, erabateko simetria dago osagaiak kokatzean.
Erretratuetan pertsonarik jaso ez zuela ikusita, eta hasieran lanei data eta izenburua jartzeko izan zuen uzkurtasuna kontuan izanda, bistakoa da artistak ez zuela inola ere baldintzatu nahi erretratuen bidez ikuslearengan sor zezakeen kontakizuna. Aztergai dituen lekuen anbiguotasunak areago nabarmentzen du neutraltasun hori. Itxura batera, badirudi gelak museoak direla, egongelak instalazioak, spak gorputegiak edo ospitaleak, simulagailuak jostailuak eta barnealdeak kanpoaldeak. Giro lausoa sortzen da, ukitzeko moduko urduritasuna, mehatxu bat. Badirudi zerbait gertatuko dela. Beharbada, zerbait gertatu da honezkero. Era horretan, Cohenek egunerokoa dena absurdo bilakatzea lortzen du, irreal ia. Horrela, ziurrena ezagun egiten zaizkigun espazio horiek arrotz bilakatzen dira, ezezagun; eta horrek diskurtso berezi bat egiteko aukera ematen dio Coheni, eta kamuflajea, engainua, mimesia eta kontrola bezalako gai garrantzitsuak aztertzeko.
Cohenen obra osoak funtsezko helburu hau izan du hasieratik: errealitatearen berri ematea, jendarteari gibela ez ematea, artistak bere estudioan izaten duen tradiziozko bakartze horretatik ihes egitea, eta taldeko eraikuntza eta bizimoldeak erakustea, balio-judiziorik egin gabe. Zoriak eraginkortasunez hartzen du esku bere bilaketetan, gehienetan ez baitaki zer aurkituko duen ateen atzetik ezkutatuta. Azken irudiak ustekabeko elkartze baten emaitza dira beti, deigarri gertatu zaion edo aztoratzen duen osagairen baten ondorena.
LYNNE COHENek 1960ko hamarkadaren amaiera eta 1970eko hamarkadaren hasiera bitartean ekin zion bere ibilbide artistikoari. Bitxia bada ere, bere hasierako lanak eskulturak eta grabatuak izan ziren. Zinema, pop art mugimendua eta Estatu Batuetako 60ko hamarkadako mugimendu sozialak aipatu behar ditugu bere eraginen artean. Artista berehala ohartu zen argazkigintza zela metodorik eraginkorrena mundu aldakor bateko errealitate soziologikoa islatzeko. Lehen irudiak oraingoak baino formatu txikiagokoak dira eta zuri-beltzean daude. Hasierako erretratuetan jasotzen dituen espazioak ere intimoagoak eta beroagoak dira. Denboraren poderioz, Cohenek findu zuen bere begirada; bere auzokoen egongelak atzean utzi eta oro har sarbide murriztua zuten espazioetan hasi zen barneratzen. Berak zioenez, ez zekien zer topatuko zuen bere erakusketetan, inoiz ez baitzuen espazioa aldatzen.
80ko hamarkadaren erdialdean, bere obren tamaina handitu zuen, eta ordutik aurrera markoa lanen konposizioko beste osagai bat izango da. Artistak maiz erabili zuen formika, kolore- eta ehundura-sorta zabal batekin, erretratuetan jasotakoaren funtsezko osagaiak nabarmentzeko. 80ko hamarkadan artistak formatu handira jo zuen, eta 90eko hamarkadaren amaieran kolorea sartu zuen. Era horretan, zehatzago erakusten ditu xehetasunak, eta gonbit egiten dio ikusleari eszenan barneratzeko, harekin bat egiteko, materialak eta ehundurak ukitzeko, eta artistaren arabera argazkietan jasotzen zituen lekuei zerien usaina hartzeko.