Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Aurrekoak

Naia del Castillo

2015eko urriaren 22tik 2016ko urtarrilaren 17ra

Rekalde Aretoak Naia del Castilloren erakusketa aurkezten du: berrogeitik gorako eskulturek eta argazkiek osatzen dute artistaren lanaren berrikuspena. 2000ean abiatutako aukeraketa bat bada ere, azken bost urteotako produkzio artistikoa nabarmendu da; areago, lan batzuk ez dira orain arte inoiz erakutsi jendearen aurrean.

Dialogos II eta Retratos III eta IV dira erakusketa abiatzen duten hiru argazkiak. Argazki-platoan hartu zituen irudi horiek; ilea erakusten dute, gizonak eta emakumeak batzen eta inkomunikatzen dituen material bezala. Buruan ilea bueltaka dabil; argazkikoei aurpegia ukatzen die, eta ukimenezko ezaugarriak dituen bolumen zarratu bilakatzen ditu argazkian ageri direnak.

Bigarren atalean, argazki eta objektu/eskultura multzo bat dago; estetika ilunagoa eta barrokoagoa dute. Hiru serie desberdinetakoak dira: Atrapados, Ofrendas y Posesiones, eta Doce Artistas en el Prado. Emakumearen presentzia eta absentzia lantzen dute, harribitxi bihurtutako edo zuloez eta errape handiez estalitako gorputz bat ezkutatzen eta mozorrotzen. Lanean egitura da gorputza, euskarri eta eragile moduan funtzionatzen duena. Gorputzak, obrak eraman ditu, okupatu eta erabiltzen ditu.

Umorea eta keinuak beti agertzen dira Del Castilloren obran. Esate baterako, Seducción lanean, jokoaren arauak iraultzeko erabiltzen du: ile zuriko alfonbra baten gainean, sedukzioaren antzezpen estereotipatua azaltzen du, kotoi-kutsuko giro arrosa baten barruan.

Sobre la seducción sailean, berriz, sedukzioaren joko zirkular eta zehaztugabeaz dihardu artistak; zelan eraikitzen den sedukzioa errituen eta estrategien gainean. Sedukzioan, gorputzaren erabilera interesatzen zaio: gorputzak erreala izateari uzten dio, eta irudi, itxura edo artifizio bihurtzen da. Seductor eta ST –Seducción lanetan, ordea, jarrera eta generoen arteko kontraesana azaltzea lortzen du Del Castillok, eta ikusleari gonbit egiten dio dituen arketipoez galde diezaion bere buruari.

Gorputzak, objektuak eta bere irudiek informazio sozialak, politikoak eta generokoak adierazten dituzte. Atrapados eta Desplazamientos lanetan, altzariek baldintzatu egiten dituzte, altzarien funtzionaltasunetik edo apaingarri direlako abiatuta. Lehen lanean, altzarien eta gorputz emearen interdependentzia azaltzen du Del Castillok. Bigarrenean, berriz, hiritarrak garen neurrian, naturarekin dugun harremana agertzen du, eta natura zelan aldatzen dugun, harik eta natura errepresentazio-elementu bilakatu, eta kulturan eraikitako irudia izatera mugatzen dugun arte.

Azken lanetan, “ekintza, argazkia eta eskultura” ordena alboratu du artistak, eta arreta jarri du erabili duen bitartekoan: argazkiaren papera edo oihala.

Flujos sailean, gorputza irudi bat da, besterik ez; horrekin ahotan hartzen du argazkigintzaren iraungitzea eta subjektuaren beraren iraungitzea; argazki-bitartekoaren mugak eta subjektu garaikidea identifikatzeko prozesuan irudiaren erabilera dira helburuak.

Nido de Abeja azken sailean, giza figura desagertu egiten da obratik. Oihal baten eskultura-gorputzaren izateari begira diezaiogun diosku Del Castillok. Eskulan egitekotsu batekin, oihal hori tolestu eta brodatu dute, eraiki, eutsi, tolestu, tenkatu,okertu, zabaldu-eta egin ahal izateko. Ehuntze-prozesuan eta diseinuan, ez dago alderik. Prozesuak sortzen du produktua.

ARTISTA www.naiadelcastillo.com

Naia Del Castillo (Bilbo, 1975) Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretan dago lizentziatuta, eskultura-espezialitatean, eta master bat dauka Londreseko Chelsea College of Art & Design-en. Gaur egun, doktore-tesia egiten ari da Eskultura Departamentuan, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultatean. Bilbo, Rotterdam, Londres, Bartzelona, Paris, Erroma, New York, Hong Kong eta Madril izan ditu bizileku eta lantoki, hainbat bekari esker, besteak beste: ISCP Internacional Studio and Curatorial Program, New Yorken (2009), eta Cité Internationale des Arts, Parisen (2004).

Banakako eta talde erakusketak egin ditu nazio barruan eta nazioartean, AEBetan, Latinoamerikan, Europan eta Asian. Azken erakusketen artean daude Flujos (BilbaoArte fundazioa, Bilbao, 2014), Altered Perceptions (Ilivetomorrow gallery, Hong Kong, 2011), Time After Diamonds (DeSantos Gallery, Houston, 2009), El Reino del Silencio. Escultura española 2000-2010 (Esteban Vicente Arte Garaikideko Museoa, Segovia, 2009), Nuevas Historias. A New View of Spanish Photography and Video Art, (erakusketa ibiltaria, 2008, Kulturhuset Arte Garaikideko Museoa ,Stockholm; National Museum Photography Den Sorte Diamant, Royal Library, Kopenhage; Kuntsi Museum, Finlandia), eta Sternesen Museum, Norvegia).