Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Interludio, 2013
Interludio, 2013

Erakusketak

Egunekoak

Irune J. Orbea

Interludio

2013ko apirilaren 16tik ekainaren 02ra

Rekalde Aretoak Irune J. Orbea (Bilbao, 1976) artistaren erakusketa aurkezten du barriek 2013 programa barruan. Programa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikorako Bekak lortu dituzten artisten artean hautatutako batzuen lanak aurkeztuko ditu.

Biko elkarrizketa

Irune: Izarrez betetako munduan, begirada okertu, eta bestalderantz begiratzen da. Argitzen duen fokuari, ez argitzen den horri. Argiak –ez argiak argitzen duenak– itsututako haurtxo baten gisa. Eta argiak begiratzen dizu, baina ez zaitu ikusten.

Alejandra: Irune J. Orbearen jolasak funtsezko pieza bat du, noranahi mugitzen dena. Eta bera dagoen lekuan, elkarrekin bizitzen jartzen du ez denboraz ez espazioaz ulertzen ez duten gure buruetan baizik ezin egin daitekeen hori. Hor barruan, errai gris horrek espazio denbora tolesten du. Funtsezko pieza hori formarik oinarrizkoena da; bera da marrazten dugun lehena, eta puntu bat jartzen diogu barruan. Hor sortzen dira denbora eta egoa.

I: Zirkuluaren forma hainbat aldiz errepikatzen da, nora begira dagoen, argitzen edo ilunpean uzten duen fokuaren sinbolo gisa. Bere nahierara edo arrazoiz jokatzen du, une batez edo betiko. Niri iruditzen zait obrak, baieztatu baino, zalantzan jartzen duela. Zalantzan jartzen da zein den irizpidea, nork distiratzen duen eta nor argitzen den, eta maila berean ezartzen da hori guztia, mugitzen ari den argiaren bat-bateko argazki bat eginez.

A: Erakusketa hau gelditzen eta bizitzaren jarraitutasuna ebakitzen ari den zirkulu hori da. Ezinbestekoa da kontatzeko. Istorioak hor daude, haietan kontatzen ez duzun guztiari esker. Uko egiten dizutenean ere, hor daude. Aipatu ez dena zornatzen da. Aitorpena. Izan zaitezke, besteek nor zaren jakin gabe? Zure istorioa kontatu gabe? Bakardadea galtzen zait, zugan gehiago existitu ahala.

I: Obra eratzen duten irudietako batzuk ikuskizunaren erreferente nabariak dira, iruzurrik gabeko irudi zuzenak. Nor den begiratuak, eta bilaka dabilen artistak edo bilatutako fokuak sortzen duten anbiguotasuna alde batera utzita. Gainerako irudiek inguruko errealitatea eta eguneroko erreferenteak jasotzen dituzte, eta erretratuan azaltzean guztiz fin bilakatzen diren une soilak sortzen dituzte. Argazkien artxibo izugarri batetik, bizitzaren beraren zatiki hori hautatzeko prozesu konplexua da, aske izan eta zentzurik ez izan nahian, irudikapen oso partziala eta subjektiboa lortzeko. Lehenik, irudia hautatzen da, eta, gero, bera ikusgai edo ikusezin bihurtzen duen fokua. Dena dago hortxe,argitu baizik ez da egin behar. Eta fokuak hortxe dirau, aldatu gabe, zorrotz edo iheskor.

A: Interludioa deitu diozu, egoera batetik bestera igarotzeko trantsizioko izaera duelako. Baina egoera guztiak dira behinbehinekoak. Ezinbestez sortu behar dugu amaiera eta bat-etortzea. Bestela, ez dago produkturik.

I: Interludioa da, biren artean dagoelako. Abiaburua den eta –izen bereko musikako prozedura dela-eta– Fuga izena duen aurreko lan baten eta aski marraztuta dagoen hurrengo lanaren artean. Hortik dator Interludioa izena, handiagoak diren –baina, hala ere, hobeak izan behar ez duten– bi lanen artean doan musika-konposizio laburrago gisa. Lan hau une doi horren erretratua da.

Alejandra Ventoso
Irune J. Orbea

ARTISTA www.irunejimenezorbea.com
Irune J. Orbea (Bilbo, 1976) Bilbo eta Paris artean bizi da, eta bi hiri horietan lan egiten du. Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatetik. 2012. urtean, banakako erakusketak egin ditu Móstolesko Hiriko Museoan (Madril) eta Basauriko Ariz Dorrean (Bizkaia). 2011. urtean, Donostian, Bilbon eta Berlinen izan du obra ikusgai, eta taldeko erakusketa askotan hartu du parte, hala estatuan nola atzerrian.

2012. eta 2008. urteetan, BilbaoArte Fundazioaren artista egoiliarrentzako beka jaso zuen, eta, horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak sorkuntza artistikoa sustatzeko ematen dituen laguntzak jaso ditu. Argazkilari gisa, hainbat performance-proiektutan aritu da, Itziar Barrio, Raketa Brokobich eta Grupo Katastrofen-ekin elkarlanean, eta, gainera, hainbat filmaketatan hartu du parte.

BilbaoArte Fundazioan, Euskal Herriko Unibertsitatean, Bilboko Udalean eta zenbait bilduma pribatutan ditu lanak.



Irudiak
  • Interludio, 2013
    Interludio, 2013
  • Interludio, 2013
    Interludio, 2013
  • Interludio, 2013
    Interludio, 2013
  • Interludio, 2013

    Interludio, 2013

  • Interludio, 2013
    Interludio, 2013
  • Interludio, 2013
    Interludio, 2013
  • Interludio, 2013
    Interludio, 2013