Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Abigail Lazkoz,  Aparteko Makinak, rekalde aretoa, 2009
Argazkia: Bego&xf1a Zubero
Abigail Lazkoz,  Aparteko Makinak, rekalde aretoa, 2009
Argazkia: Bego&xf1a Zubero

Erakusketak

Egunekoak

Abigail Lazkoz. Aparteko Makinak

2009ko urriaren 08tik 2010eko urtarrilaren 31ra

REKALDE ARETOAK Aparteko Makinak izeneko erakusketa aurkezten du, New York-en bizi den Abigail Lazkoz artista bilbotarraren (Bilbo, 1972) banakako erakusketa. Instalazioa berariaz diseinatuta dago areto nagusian jartzeko, eta osagai hauek ditu: zuri-beltzean egindako marrazki ikaragarrien multzo bat, irudi batzuk bakartuta eta beste batzuk paretan jarrita; hiru dimentsioko egituren sail bat, erakustokitik zabaltzean gela bereiziak eratzen dituena; eta animaziozko bideo bat, zinema biziaren sorburua gogora ekartzen duena, mugimenduaren bidez marrazkiaren adierazpena nabarmentzeko.

Komisarioa: Leire Vergara

Erakusketa

Aparteko Makinak izeneko erakusketa “gatazkako paisaia” bat da eta hainbat alditan dago garatuta. Erakusketako osagai guztiek narraziozko ibilbide bat egiteko aukera ematen digute, gerrari eta suntsipenari buruzko ibilbide bat. Gerra eta suntsipena, beren literaltasunetik behin eta berriz agertzen diren erreferentziak izateaz gain, eguneroko bizitzakoak diren beste mota batzuetako gatazkak agerian uzten dituzten metaforak dira. Itxuraz erraza dirudien pintura-konposizio bat oinarritzat hartuta, marrazkiak oinarrizko osagaiak dira, haiek finkatzen baitute erakusketaren forma eta kontzeptuzko erritmoa. Marrazkiek gonbidapena egiten diote ikusleari beren xehetasunen aberastasun sinbolikoan murgil dadin, marraren pintura-egituran eta pintura-keinuaren biluztasunean sar dadin, erabiltzen diren erreferentzia berezietatik abiatuta, gai unibertsalen azterketan sakontzeko –hala nola, heriotzaren eta suntsipenaren azterketan sakontzeko–. Ildo horretan, nabarmena da artistak ahalegina egin duela erakustokiaren gune osoa betetzeko, marrazkiak berez duen materialtasuna abiaburutzat hartuta. Horrenbestez, erakusketan, berriz antolatzen dira funtsezko osagaiak, artistak lehenbizi marrazkietan baliatu baititu, eta gero erakustokian.

Azken batean, eraikuntza-molde bat da, marrazkia hedatu nahi baitu erakustokiak hartzen duen gune osotik. Horren ondorioz, adiskidetuta azaltzen dira figurazioa eta abstrakzioa, eta, hala, marrazkien narraziozko egitura korapilatu egiten da marrazki horiek eratzen dituzten eraikitze-moldeekin. Ildo horretan, marrazkian batera agertzen dira gestaltikoak eta ia totemikoak diren formak, eta obrako narrazioko erreferenteen aberastasuna eta idiosinkrasia.

Aparteko Makinak erakusketa zorretan dago aurreko sail batekin, Historias de guerra que he oído (2004) izeneko sailarekin. Sail horrek paper gainean egindako sei marrazki ditu. Marrazki horietako batzuk harresi gainean egin zituen gero, askoz ere tamaina handiagoan egin ere. Sailak aztertzen zuen gaia hauxe zen: oroimen kolektiboa eraikitzea, bizi izandako esperientzien bidez. Marrazki bakoitzean artistak ideia zehatz bat garatu zuen, ahozko transmisioari buruz, oroimenaren eraikuntzari buruz, eta norberak jasotzen dituen istorioak oinarritzat hartuta bananako nortasuna eraikitzeko moldeari buruz. Era berean, sail horren atzeko oihal narratiboa gerra zen, eta Lazkozek hausnarketa egin zuen belaunaldi bakoitzari izaera jakin bat ematen dioten baldintza historikoei buruz.

Erakusketaren izenburua Fiona Apple musikagile amerikarraren kanta baten leloa da, bertan hau esaten baitu: har nazazu adeitasunez, har nazazu hoztasunez, ahal dudan erarik onenean hartuko dut, aparteko makina bat naiz… Esaldi horren bidez, Abigail Lazkoz artistak bereziki nabarmendu nahi ditu ontasunetik zein gaiztakeriatik abiatuta hazteko dagoen aukera, eta ezin menderatuzko halako indar bat. Esaldi horrek itxaropena pizten du, egungo gure gizarte honetan ohikoa den errealitatearen aurrean, hau da, etenik gabeko gatazkaren aurrean.

Abigail Lazkoz: bere obra

Abigail Lazkozen ustez, marrazkiak eta pinturak indar estetikoa eta kontzeptuala dute, bi mintzaira horiek irudimenaren laborategi modura ulertzen dituelako. Hala, bada, pintura-mintzairaren aurrez aurre jartzen denean, Lazkozek nolabaiteko ahalmen demiurgikoa aldarrikatzen du, mundua ulertzeko forma berriak ekoizteko, mundua bere irudikapen zehatz eta doitik harantz joz. Hori oso nabaria da marrazkian, hain zuzen, lerro beltzak atzealde zuriaren gainean marrazten duen keinu biluzian. Batere apaingarririk ez duen keinu soil horrek erabateko askatasuna ematen dio artistari, errealitatea adierazteko aukera berriak proposatu ahal izateko.

Aldi berean, ikaskuntza-prozesu bat da, eta atzealde zuriaren gaineko arrasto beltzak ematen dituen formazko aukerak hartzen ditu abiaburutzat. Erreferentzia horrek harremanetan jartzen ditu marrazkia eta idazkeraren sorburuak.

Lazkozek esaten duenez, bere pintura-mintzairak ez du keinu-adierazpenik, berak lerro tenkatuaren alde egiten baitu eta alde batera uzten baitu keinua; azken batean, pinturaren arazoa aurkezten du erabiltzen diren baliabideen murriztapenetik abiatuta. Obrak sortzeko behar diren baliabideak murrizteko prozesu horren bidez, aski du bere buruarekin, ez du laguntzarik behar, mugikortasuna lortzen du eta, azken batean, horrek guztiak bere arte-jarduera askatzen du.

Abigail Lazkozen marrazkia ez da sor daitezkeen agertokiak eraikitzen dituen lan huts bat, hortik askoz harantz jotzen baitu. Bere azken lanetan, nabarmena da interes bizia duela hiztegi berezi bat sortzeko, marrazkiko materiaren soiltasunean oinarrituta. Pintura-mintzaira nabarmentzen du, eta erreferentziak eta osagaiak sortzen ditu, elkarren arteko harremanak dituzten eta sintaxi konplexua eratzen duten osagaiak.

Abigail Lazkoz: datu biografikoak eta sariak

Abigail Lazkoz 1972. urtean jaio zen Bilbon. Gaur egun New York-en bizi da, eta bertan lan egiten du. 2006.ean Eusko Jaurlartizako Gure Artea saria irabazi zuen, 2005.ean ERTIBIL, Bizkaiko Foru Aldunidaren Kultur Saileko arte plastikoen lehiaketan, lehenengo saria irabazi zuen eta 2001. urtean Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura saileko sormen artistikoaren beka eduki zuen.

Banakako erakusketa asko egin ditu; besteak beste, hauek nabarmenduko ditugu: Shuffle (2009), Espai 13 gunea, Fundación Joan Miró, Bartzelona; Desastres naturales (2007), Centre d’Art La Panera zentroa, Lleida; Esconde la Mano (2005), Laboratorio 987 aretoa, MUSAC, Leon; War Stories I have heard (2004), Momenta Art Brooklin, New York; Abi Lazkoz Zeichnungen (2003), Werkraum Modula Buchholz Denklingen, Munich; Humus (2003), Casa Encendida zentroa, Madril; Welcome Drawings (2002), Galería Abel: Raum für Neue Kunst, Berlin; eta Dibujos de bienvenida (2001), BilbaoArte Fundazioa, Bilbo.
Bestalde, orain dela gutxi egin dituen talde-erakusketen artean, honako hauek aipatu behar ditugu: 25 obras, 17 artistas, 4 relatos, Centre d’Art La Panera (2009); Biennale Internacional d’art Contemporain d’Argel, Aljer (2009); From Brookilyn with Love, Parker’s Box, Brooklyn, New York (2008); Bilder in Folge, Kunstmuseum Sttutgart (2008); Chacun a son goute, Guggenheim Bilbao (2007); Streetmodernism, Mama Showroom, Rotterdam (2007); Deus ex machina, Market Gallery, Glasgow (2006); A Picturesque View, Monya Rowe Gallery, New York (2006); Greater New York, PS1-MOMA New York (2005); The Gift, Queens Museum of Art, New York (2005); Bitartean, beste nonbait… Rekalde Aretoa, Bilbo (2004); Internal Excess, Selections Fall 2003, The Drawing Art Centre, New York (2003).

Abigail Lazkoz. Aparteko makinak: katalogoa

Erakusketa dela-eta, rekalde aretoak katalogo bat emango du argitara, Abigail Lazkozen ekoizpen berria biltze aldera. Liburuki horretan, instalazio berria garatzeko izan den prozesu sortzailea aztertuko da, eta, horrez gain, Iria Candela historialariaren testu luze bat eta erakusketako komisarioa den Leire Vergararekin izandako elkarrizketa bat jasoko dira. Liburua Albert Folch Studio-ko diseinatzaile katalanek diseinatu dute, eta obraren argazkiak Begoña Zuberok egin ditu.

Irudiak
• Abigail Lazkoz, Aparteko Makinak, rekalde aretoa, 2009
Argazkia: Begoña Zubero

Abigail Lazkoz, Aparteko Makinak, rekalde aretoa, 2009
Argazkia: Begoña Zubero

• Abigail Lazkoz, Aparteko Makinak, rekalde aretoa, 2009
Abigail Lazkoz, Aparteko Makinak, rekalde aretoa, 2009
• Abigail Lazkoz,?Aparteko Makinak, rekalde aretoa, 2009
Argazkia: Begoña Zubero
Abigail Lazkoz,?Aparteko Makinak, rekalde aretoa, 2009
Argazkia: Begoña Zubero
• Abigail Lazkoz,  Aparteko Makinak, rekalde aretoa, 2009
Argazkia: Begoña Zubero
Abigail Lazkoz,  Aparteko Makinakrekalde aretoa, 2009
Argazkia: Begoña Zubero
• Abigail Lazkoz, Aparteko Makinak, rekalde aretoa, 2009
Argazkia: Begoña Zubero
Abigail Lazkoz, Aparteko Makinak, rekalde aretoa, 2009
Argazkia: Begoña Zubero
• Abigail Lazkoz, Aparteko Makinak, rekalde aretoa, 2009
Argazkia: Begoña Zubero
Abigail Lazkoz, Aparteko Makinak, rekalde aretoa, 2009
Argazkia: Begoña Zubero