Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

documentation c&xe9line duval
documentation c&xe9line duval

Erakusketak

Egunekoak

documentation céline duval

Impresiones paisajes

2015eko irailaren 22tik azaroaren 01era

Rekalde Aretoak documentation céline duval aurkezten du (Saint-Germain-en-Laye, Frantzia, 1974), Mapamundistas 2015 / Antipostales erakusketaren esparruan eta Bilboko Institut Français-ekin lankidetzan.

Céline Duval Normandiako Houlgate herrian bizi da, eta bertan lan egiten du, itsasotik hurbil. Azken bi hamarkadak familia-albumak, postalak eta aldizkarietatik ebakitako irudiak bildumatzen eman ditu, beste batzuek egindako milaka argazki metatzen eta sailkatzen.

Artxibo bat hartu du artista-izen gisa, bere asmoak garbi adierazteko. Ez du irudirik gaineratzen mundura. Funtsean, edizioan kokatzen du bere zeregin artistikoa, eta bereak edo beste batzuenak diren argazki-funtsetan aurkitzen du behar duen materiala. Bere argitalpenak edo sailak guztiz txikiak (lau argazki) edo zabalagoak izan daitezke, baina helburu bera izaten dute beti: irudiaren dekonstrukzioa egitea, irudia beste irudi batzuekin erkatzea, haien artean zubiak eratzea, eta mugetako irakurketak azaltzea, anekdotakoa dena amaitu eta giza alderdia azaltzen den tokikoak.

MAPAMUNDISTASen gonbiteari erantzunez, documentation céline duval bila aritu zen kolorezko postalen bilduman, eta, hala, Impresiones paisajes lanean, postaleko irudian sartu-irten batzuk egitea proposatzen digu.

Posta-txartela asmatu zenean, artean ez zen telefonorik. Orduan, irudia agertzen zen eskuz idatzitako hitzen ondoan -garai hartako smsak-. Turismoaren goraldiarekin batera, merkatua lortu zuen. Souvenir-en dendetako ezinbesteko salgaia, objektu-froga bilakatu zen, "Hemen nago" mezua bidaltzeko. Irudiak, zigiluak eta moldeak fede ematen zuten. Hala, industria turistikoak bultzada eman zuen klixeak sortzeko -toki bakoitzean ezagutu daitekeena-, postalen kartoi mehean kopiatuta. Era berean, gustu estandarra finkatu zuen, paisaia eder, herri pintoresko edo plaza monumental bat ustez nolakoa den dioena.

Orain, lagun batek bidaia bati ekiten dionean, ez diogu eskatzen postala bidaltzeko. Telefono mugikorrek amaiera eman diote ohitura maitagarri horri. Hala ere, postalaren ikonografiak zutik dirau gure gogoetan, eta, beraz, irudiak sortzen ditugu, orain dela gutxi arte beren estereotipoekin geure bildumak hornitzen zituzten argazki profesionalak antzeratzen.

documentation céline duval-en erakusketan, eraitsi egiten dira postaleko paisaiaren ohiko ezaugarri batzuk. Postalen artxiboko ale batzuk hautatu, eta haien argazkia egiten du berriz, enkoadratzea eta fokua aldatuta eta xehetasun batzuk nabarmenduta. Hala, Ikusita! lanean, ibiltari batek jendetzaren erdian argazkilariarekin gurutzatutako begirada agertzen da.

 Leku ezagunak dira -Lloret de Mar, Bartzelonako loreen rambla edo Montmartreko place du Tertre -, leku enblematikoak, sarri ibilitakoak. Argazkiak zaharrak dira. Garai hartan, ez zegoen egile-eskubiderik, eta pertsonen aurpegiek ez zuten lausotuta egon behar, orain gertatzen den bezala, adibidez, Google mapseko kaleko irudietan. Horregatik, erretratuetako pertsonen begiradari erreparatzean, documentation céline duvalek pitzadura bat zabaltzen du irudi komertzialean, eta erreportaje-zeregina ematen dio berriz, alderdi soziologikoa.

Ikusiak izatea edo ikustea? Kontrapuntu gisa, beste postal-sail batean, artistak eserleku publikoen irudia nabarmentzen du lehen planoan, paisaia begiesteko gonbit bat balitz bezala. Toki familiarrak dira: itsasalde bat, ibai baten ertza edo mendi baten goialdea. Postaleko irudian argazkilariak erabakitzen du zein den toki bateko enkoadratzerik adierazgarriena; eta lekuan bertan, hirigileak hautatzen du non jarri eserleku publikoak, hau da, zein toki diren ikusteko modukoak. Zer hoberik paisaia bat begiesteko eserita egotea baino. Barrenak eskatzen digu.

Alexandra Baurès

ARTISTA http://www.doc-cd.net/

1998an, Nantesko Arte Ederren Fakultateko titulua lortu berria zuela, Céline Duvalek artista-izena hartu zuen, documentation céline duval, eta funts ikonografikoak berrikusteko jarduera artistikoari ekin zion.

Argitalpen bisual ugari atera ditu, hala postalak, nola posterrak, koadernoak edo liburuak. Orain dela gutxi, bi liburu interesgarri argitaratu ditu bere galeriarekin, Sémiose galeriarekin: Guerre Paix, 1914-1918ko gerrako argazkien bilduma, gatazka-zelaiaren barruan eta kanpoan; eta Coeur, point et ligne sur plan, Kandinsky Fondoari buruzko lana, margolariaren Puntua eta lerroa plano gainean liburuaren berrinterpretazioa dena.

Egin dituen banakako erakusten artean honako hauek nabarmentzen dira: White Columns arte-zentroa, New York (2008); Caja Negra galeria, Madril (2009); Filature, Mulhouse (2010); AK Kunstprojekte, Viena (2011); Micro-Onde espazioa, Velizy-Villacoublay (2013); eta Madeleine-Lambert zentroa, Vénissieux (2014).



Irudiak
  • documentation céline duval

    documentation céline duval

  • documentation céline duval

    documentation céline duval

  • documentation céline duval

    documentation céline duval

  • documentation céline duval

    documentation céline duval

  • documentation céline duval

    documentation céline duval

  • documentation céline duval

    documentation céline duval