Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

ALAIN URRUTIA%2C %3Cem%3EAKTIONISMUS%3C%2Fem%3E%2C 2012
ALAIN URRUTIA%2C %3Cem%3EAKTIONISMUS%3C%2Fem%3E%2C 2012

Erakusketak

Egunekoak

AKTIONISMUS

Alain Urrutia

2012ko maiatzaren 29tik uztailaren 01era

Alain Urrutiak (Bilbao, 1981) AKTIONISMUS erakusketa aurkezten du, 2010ean Bizkaiko Foru Aldundiaren Arte Sorkuntza Bekak eskuratu dituzten artisten lanak aurkezten dituen barriek programa barruan.

Alain Urrutia kezkatzen duena ez da teknika piktorikoa bera, irudiaren bitartez ikertzeko beharrizana baizik. Gehienetan, formatu handiak eta gama kromatiko mugatuak baliatzen dituela (grisak, beltzak eta zuriak) da bere lanaren bereizgarri nagusietako bat, eta, horren bidez, errepresentazio figuratiboan oinarrituta dagoen konposizioa erakusten du. Bere pinturak osatzen dituzten irudiak eguneroko erreferenteak eta bere bizipenetatik edo inguruan duen errealitatetik jasotako eszenak dira –egunkari edo telebistatik hartutakoak–. Horrek kodetu gabe dagoen eta batere nostalgikoa ez den talde oroimena  dakarkigu burura. Bestetik, irudiak film luze batetik ateratako sekuentziak balira agertzen dira. Errepresentazioari berari buruzko metafora baten gisa. Istorioek elkar gurutzatzen dute, eta eszenen multzo bat eratzen dute, zatikatuta dauden, besteengandik ezin desegin daitezkeen, baina aldi berean independenteak diren eszenen multzo bat. Azken batean, bere instalazio piktoriko handiak etenik gabeko irudien multzotzat hartzen dira.

Eszenak ikusgaitz agertzen dira, lausotuta –pintzelkada erraztatu baten bidez–, artistak denboraren poderioz ezabatuta geratu diren oroimen horiei aipamena egin nahi balie bezala. Oihal hauetan dagoen edertasun iradokitzailearen oinarrian, Luc Tuymans artista belgikarrak erabiltzen duen ikusmolde piktorikora garamatzan izaera zatikatua dago: lehen planoak, bereizitako enkoadratzeak, eszena etenak, azken finean, zinema, telebista eta argazkigintzaren munduari egindako aipamenak.

Figurazio honetatik abiatuta, artistak, irudikapena partziala eta subjektiboa izan dadin, ezinbestean bere esanahia berreraiki behar duela agerian uzten du. Irudiak ezabatuz eta margoa gainjarriz, irudikatutakoak estali nahi ditu, ikusmena zati batean zailduz, halako indarkeriazko kutsu kezkagarri eta misteriotsu bat sortzeko.

Irudiak lausotzeko grina horrek bultzatuta egonik, badirudi garrantzitsuena  ez dela irudikatuta dagoena, baizik eta nola dagoen irudikatuta; eta aurrez aurre jartzen ditu teknika piktorikoaren ustezko moteltasuna, argazkiaren berehalakotasuna eta fotokopiaren errepikapena. Hain zuzen, Aktionismus lanean nabarmentzen du bereziki argazkigintzako irudiaren ideia. 1970eko hamarkadako ekintza-performancerik gailenen erreprodukzio huts bat balitz bezala sortu ordez, paper gainean egindako tinta serie honetan erabiltzean, berriz nabarmentzen du argazkigintzako material horren irudikapen estetikoa, oroimenaren testigantza gisa jasota. Haietan guztietan sumatzen da malenkonia eta irrealtasun kutsu bat sumatzen da, fokatu  gabeko moduko zera horren bidez lortua, egunerokoa den ustezko esperientzia hori helarazten baita. Izan ere, emaitzaren bidez, ez du edertasun klasikoaren estetika aldarrikatu nahi, Marcel van Eeden-en pintura gogora ekartzen digun hori; baizik eta, amets irudiko giroa berreraiki nahi du, irudien ikuskeraren beraren bidez.

Artista honentzat, zatikatutako koadratzeak emozio hausturak dira, hainbat estimuluz kutsatuta dagoen egunerokotasunaren behatzaile bilakatu den norbaiten hausturak. Alain ere une filmikoaren ideiarekin aritzen da jolasean, eta ideia hori ondo jar dezakegu harremanetan irudiaren barruan dagoen irudiarekin; adibidez, argi sumatzen da bere azalera batzuetan, metatuta bezala dauden argazkiak diruditen bildumak agertzen dituenean, partzelatutako kontakizun gisa jarrita.

Alain Urrutiaren pintura ideia bat da, teknika bat baino gehiago, ez baitu pintura baliatzen prozesu operatibo inplizitu bat balitz bezala, ez artearen historiatik jasotako ezagutzatik abiatuta, ezta egungo merkatuko joerak oinarritzat hartuta ere. Horren ordez, bere lanean prozesu konplexua sumatzen da, prozesu hori jasaten baitute ezabatuta eta istorio amaiezin eta amaigabeez zamaturik dauden irudi horiek, errealitate bat berrasmatzeko, beste bat.

Tania Pardo

ARTISTA
www.alainurrutia.com

Alain Urrutia (Bilbo, 1981) Bilbon bizi da eta bertan lan egiten du. Nazioarteko hainbat azoken azken edizioetan izan da, adibidez, ARCO Madrid, ArteLisboa eta Art Beijing-en. Bere ibilbidea laburra izan arren, taldeko erakusketa askotan hartu du parte; besteak beste, hauek nabarmenduko ditugu: Inguru Hurbilak, Artium (Vitoria-Gasteiz, 2008), Muestra de Artes Visuales-Injuve, Circulo de Bellas Artes (Madril, 2009), Lingua franca (Museo de Huelva, 2009); Antes que todo, CA2M (Madril, 2010), Oscuro y salvaje, La Casa Encendida (Madril, 2010), Todo disfraz, OTR arte-espazioa (Madril, 2010), Melodías Prohibidas, Festival S.O.S 4.8. (Murtzia, 2011) eta Enchanted Mountain, Mario Sequeira Galeria (Braga, 2011). Horrelakoetan, beste artista batzuekin batera izan da, adibidez, Alex Katz, Julian Opie, Axel Hütte eta Franz Westekin. 2008. urtean Bilbao Arte Fundazioaren egoiliarren beka jaso zuen. Bere obra bilduma pribatuetan eta publikoetan dago jasota, eta, horien artean Fundación Barrié de la Maza eta Colección Enrique Ordóñez nabarmentzen dira.



Irudiak
  • ALAIN URRUTIA, AKTIONISMUS, 2012
    ALAIN URRUTIA, AKTIONISMUS, 2012
  • ALAIN URRUTIA, AKTIONISMUS, 2012
    ALAIN URRUTIA, AKTIONISMUS, 2012
  • ALAIN URRUTIA, AKTIONISMUS, 2012
    ALAIN URRUTIA, AKTIONISMUS, 2012
  • ALAIN URRUTIA, AKTIONISMUS, 2012
    ALAIN URRUTIA, AKTIONISMUS, 2012