Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

Oihane Iraguen

2019ko maiatzaren 07tik ekainaren 30era


Rekalde Aretoak Oihane Iraguen (Bilbao, 1985) artistaren erakusketa aurkezten du barriek 2019 programa barruan. Programa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikorako Bekak lortu dituzten artisten artean hautatutako batzuen lanak aurkeztuko ditu.

Erakusketa honek nondik datozen ez dakigun soinuak biltzen ditu. Espazioari dagokionez soinu desberdinak dituzten bost kanal, bideo bat eta lau  akusmografía (soinuaren paper gaineko transkripzio abstraktuak direnak, marrazki-partitura antzekoak) daude. Emaitza espazioa okupatzen duen soinu-multzoa da, non ikusleak bere burua audizio-maiztasun batzuetan murgilduta sentitzen duen. "Soinua soinuaren atzean bilatzea" John Cagek esaten zuen bezala, eta entzutearen beraren ekintzak erakarrita jardutea, atzean zer dagoen jakiteko ahaleginik egin gabe. Soinu guztiek espazio bat okupatzen dute  eta artistak espazioa soinuarekin okupatzeko ahalegina egiten du ikusleak ibilbide batzuk egin eta soinu desberdinak entzun ditzan.

Oihanek azaltzen duenaren arabera  "Alderdi bisuala ezabatzen duten soinu-praktikak interesatzen zaizkit, horrela irudi mentalak sortuz. Arraroak, bakarrak, konpartituak... desbideratuak, estuak.Zuk entzuten duzuna, nik entzuten dudana, elkar entzutea, entzute introspektiboa, soinuaren atzean soinua bilatzea.Entzutea norberaren barruko ekintza da, soinuaren eta zentzumenaren borroka-esparrua. Zentzumenetik, ikusten denetik, logikaren mugetatik aparte, zarata bat... Zurrumurru bat..."

Oihane Iraguenek akusmatikatik ikertu du soinu-praktika, hau da, soinua eragiten duen iturria ezagutu gabe entzutea sustatzen duen prozesua/praktika. Akusmatikak ez du zarataren eta isiltasunaren arteko bereizketarik egiten, entzutearen beraren intentzioari deitzen dion praktika da, soinari soinuari buruzko galderak egiten dizkion prozesua. Akusmatika prozesu bat da, praktika bat, entzuteko era bat eta hautemateko sistema bat. "Uste dut -artistak hitz egiten jarraitzen du-, akusmatika sorgin-praktika garaikidea dela, erresistentziarako erreminta bat, gorputzik gabeko ahotsa, cyborg bat, soinu fantasmagoriko bat. Horri guztiari esker praktika hau bi noranzkokoa da: presentzia fisikoaren beharrik gabe kolektibo periferikoak sortzen eta sendotzen ditu eta, aldi berean, ezagutza, imaginarioa eta babesleku birtuala sustatzen ditu, hala maila indibidualean nola talde mailan".

Ohiane Iraguen (Bilbo, 1985) doktorea da Arte Ederretan Euskal Herriko Unibertsitatean, Arte eta Teknologia Departamentuan. Azken urte hauetan bere ikerkuntzaren ardatza soinua izan da eta, batez ere soinua arraro edo arrotz bihurtzeko prozesu teknologikoak. Azterlan horien emaitza oraintsu argitaratu den tesi interesgarrian jaso du, "Acusmática y blackboxing" titulua duena. Lan horretan entzungarria den espektroaren, ikusmenaren alderdiaren eta ezezagunaren arteko elkar eragiketa aztertzen du.
Lizentziaduna da Ikus-entzunezko Komunikazioan eta, aldi berean, Arte Garaikide Teknologikoko eta Performatiboko Masterra eta Hezkuntza Artistikoko Masterra egin ditu.2017an Bizkaiko Foru Aldundiaren Arte Plastikoen eta Bisualen Beka lortu zuen eta erakusketak egin ditu MEM 2018, NY Space Jaialdian (Manchester), Future Fest Art Prize (Londres), III Festival Explora, OKELA Sormen Lantegia (Bilbo)  eta Bread & Butter (Berlin) ekitaldietan.



Irudiak