Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

Juana García-Pozuelo

To The End

2015eko maiatzaren 19tik uztailaren 19ra

Rekalde Aretoak Juana García-Pozuelo-ren erakusketa aurkezten du, Bizkaiko Foru Aldundiaren sorkuntza artistikorako bekak eskuratu dituzten artistak azaltzeko xedez abiarazitako barriek 2015 programaren barruan.

Erakusketa honetako margolanetan figura eta paisaia daude bateratuta. Irudikapen hauek erabiltzen ditut alegoria piktoriko batzuk sortzeko, oroitzapenak, barneko emozioak, gizateriaren historia, eta naturak eta psikeak eragiten didaten lilura inspiraziotzat hartuta.

Margolanen izenburuek zenbait gako ematen dituzte interpretatzeko, irudi bakoitzak aipatzen duen gaia atera baitaiteke ondorioz; baina ikuslea aske egongo da elementuak lotu, eta horiek abiaburutzat hartuta hausnarketak egiteko. Azken xedea egile eta ikuslearen arteko konplizitatea lortzea da, biak sortzailekide bilakatzen dituen elkarlana. Izan ere, margolanek bide eman dezakete imajinazioa pizteko, eta ikusle bakoitzak duen ezaguerarekin konektatzeko.

Eszena hauek ekoiztean, pintura klasikotik edan dut, baina aldi berean XXI. mendean txertatzen dira erabat. Zirriborroak egiteko oinarritzat hartzen dudan ikonografia ugaria biltzearen emaitza dira. Beste artista historiko eta garaikide batzuekin gai aldetik ditudan kidetasunak etengabe bilatu, eta irudiak, kontakizun literarioak eta gaiari buruko informazioa metatu ondoren, introspekzio handiz murgiltzen naiz margolaritza-lanean. Prozedura horrek izaera oniriko nabaria ematen die margotutako eszenei; izan ere, amets-izaera hori da nire obraren bereizgarrietako bat.

Astiro egiten dut lan beti, bai lana prestatzean, bai margolaritzako proiektua bera sortzean. Gehienbat intuizioa, kontenplazioa eta hausnarketa erabiltzen ditut prozesu horretan, eta arreta berezia egiten diet xehetasunari eta teknikari, bai eta irudiak moldatzeko perfekzionismoari ere. Irudietan, inguruen zehaztasuna nabarmentzen da, eta atzetik argitutako pantailei dagokien kolore saturatua ere bai.

Hari bera partekatzen dugu denok, gogotsu hartzen dugu parte etengabe aldatzen ari den munduan, eta, horregatik, nire margolaritza-lanaren bidez, batzuetan eguneroko errealitatetik harantzagoko planoan sumatzen ditugun lekuak ekarri nahi ditut gogora, ezagutuz eta ohoratuz, gorde nahi dudan historia bateko zati gisa.

                                                                                                                                                                        J. G. Pozuelo B.

ARTISTA                                                                                                                                          www.juanagarciapozuelo.com

Juana García-Pozuelo Logroñon jaio zen 1978an eta Bilbon bizi da 1996tik. Arte Ederretako lizentziaduna da UPV/EHUko Unibertsitatetik, eta Arte Sorkuntza eta Ikerketako Masterra du egina unibertsitate berean.

Hainbat ikastaro egin ditu bere prestakuntza osatzeko, besteak beste, New Yorkeko School of Visual Arts eta Salzburgoko Summer Shool of Fine Art zentroetan. Horrez gain, arte eta pinturari buruzko hainbat mintegitan hartu du parte BilbaoArte Fundazioan, eta, oraintsuago, Mabi Revuelta artistak Bilboko Alhondigan emandako hiri-esplorazioko ikastaroan izan da.

Banakako zazpi erakusketa egin ditu Bilbo, Basauri, Gasteiz eta Logroñon. Bestalde, 2001. urtetik aurrera taldeko erakusketa askotan hartu du parte Espainiako geografia osotik, adibidez, gaur egun desagertutako L’oreal sarian, Alacanteko Aldundian, Coruñako Maria José Jové Fundazioan, eta Bizkaiko eta Errioxako hainbat lehiaketatan.

Jaso dituen sarien artean, hauek nabarmentzen dira: Bizkaiko Foru Aldundiaren 2012ko sorkuntzako beka, Bilbao Arte Fundazioan eta New Yorkeko Staten Island-eko Snug Harbor Cultural Center-en izandako egoitzak, eta Errioxako Parlamentuaren Pintura Lehiaketako Eskuratze Berrientzako bi sari.



Irudiak
  • Juana García-Pozuelo. To The End
    Juana García-Pozuelo. To The End
  • Juana García-Pozuelo. To The End
    Juana García-Pozuelo. To The End
  • Juana García-Pozuelo. To The End
    Juana García-Pozuelo. To The End
  • Juana García-Pozuelo. To The End
    Juana García-Pozuelo. To The End
  • Juana García-Pozuelo. To The End
    Juana García-Pozuelo. To The End
  • Juana García-Pozuelo. To The End
    Juana García-Pozuelo. To The End
  • Juana García-Pozuelo. To The End
    Juana García-Pozuelo. To The End